ZUHAITZ Eguna izango da datorren larunbatean Hernanin, basoak biziberritzeko helburuarekin. Zuhaitz Eguna Mendiriz Mendi elkarteak eta Hernaniko Udalak antolatzen dute elkarlanean, eta aurtengoak badu berezitasun bat: orain arte bi egunetan landatu badira ere, aurten, heldu zein gazteek batera landatuko dituzte zuhaixkak.
Izena emateko azken astea
Landatzen parte hartu nahi duten guztiek, izena eman behar dute aldez aurretik. Izen ematea ezberdina izango da haur eta helduentzat.
Neska-mutilek ikastetxeetan eman behar dute izena, eta azken eguna martxoaren 23an izango da, hau da, asteartean.
Helduek berriz, izena Mendiriz Mendi elkartean eman behar dute, eta azken eguna martxoaren 25ean izango da, osteguna. Mendiriz Mendi elkartea Iturregi Plazan dago, ordutegia da 20:00etatik 21:00etara, eta telefono zenbakia da 943 33 27 45.
Bi irteera ezberdin
Hiru zuhaitz mota landatuko dituzte aurtengoan, guztiak Epelerrekan: lizarra, haltza eta haritza. Landatzea leku berean egingo badute ere, helduak eta gazteak leku ezberdinetan egin dute hitzordua.
Gazteentzako hitzordua goizeko 09:30etan egin dute, Urbieta kalean, Biteri parean. Autobusez joango dira Irubide jatetxe ingururaino. Bertatik abiatuko dira Epelerrekara eta landaketa egingo dute. Ondoren, Larregain baserrira joango dira, handik Ereñotzura, eta hantxe egingo dute hamaiketakoa.
Helduei dagokienez, hitzordua goizeko 08:00etan egin dute Gudarien plazan. Hauek oinez egingo dute Epelerrekarainoko bidea. Gudarien plazatik Karabelera joango dira, pasako dituzte Orkolaga, Juanantonenea eta Goiko Añua baserriak, eta Epelerrekara iritsiko dira.
Zuhaixkak landatu ondoren, Epelerrreka eta Usokoerreka inguruan aurkezpena eta azalpena egingo dute Aranzadiko ikerlariek. Ondoren hamaiketakoa egingo dute.