GOBERNU TALDEA
Hondakinak kudeatzeko sistema egokiena da gutxien sortu eta gehien birziklatzen duena. Bilketari dagokionez Gipuzkoan badago baloratu beharreko beste elementu bat, atez atekoa da errauste planta alperrekoa egiten duen bilketa modu bakarra. Edukiontzi zaharrak kalean utzita baliabideak alperrik galtzen ari gara, edukiontzira botatzen denak zabortegian amaitzen duelako. Edukiontziak kalean mantentzen baditugu, izan lau, izan bost, errauste plantan baliabide preziatuak deuseztatzen eta herritarren osasuna arriskutan jartzen amaituko dugu. Horregatik hartu du Hernaniko Udalak kaletik edukiontziak kentzeko eta atez ateko bilketa egiteko erabakia, atez atekoa delako herritarren osasuna arriskutik kanpo uzten duen sistema bakarra.
Atez ateko bilketak erraustegiak baino errefusa gutxiago sortzen du. Gezurra da beraz erraustegiarekin zabortegiak itxiko direnik. Erraustegiak zabortegi handi bat beharko du, errauts eta zepa toxikoak jasotzeko. Diputazioa hori ezkutatzen ari da. Zabaltzen ari den beste gezurra da atez atekoarekin zabortegiak beharrezkoak direla. USURBILGO ITUNAK dioen moduan, errauste-programan 6 urteko moratoria lortuko bagenu, eta bitartean Gipuzkoa mailako ZERO ZABOR programa martxan jarriko bagenu, posible izango genuke 2020rako Gipuzkoan zaborrik batere ez sortzea.
PSE-EE
Hernaniko sozialistok defendatzen dugu, zabor organikoa, gure etxeetan sortzen duguna, modu separatuan biltzea, horrekin konposta egin, eta ondoren, gure parke eta jardinetan erabiltzeko. Horrela, zaborraren parte bat, berriz erabiliko genuke, eta ez genuke zabortegira edo erraustegira eraman beharrik izango.
Sinisten dugu, materia organikoak beste ziklo batean sartu behar duela, eta gure apustua da industria plantak sortzea konpostatzeko eta biometanizaziorako, Gipuzkoako eskualdeetan. Hor zaborra tratatuko litzateke, etekin energetiko ahalik eta haundiena ateratzeko.
Zaborrak kudeatzeko garaian, jauzi berria bat litzateke hori, eta horrela prozesu bat bukatu egingo genuke, orain dela urte batzuk hasi zen prozesu bat, kontenedoreak jarri zirenean papera, ontziak eta beira bereizita jasotzeko.
Europan gehien ikusten den jokatzeko modua hori da, eta horrekin saihestuko genuke zaborraren zatirik haundiena zabortegira botatzea edo erretzea, eta bestalde, aprobetxatu eta balio erantsi bat emango genioke.
Gobernu taldeak ezarri nahi duen Atez Ateko bilketa garestiago aterako zaigu herritar guztioi. Udalak langileri karga haundia hartu beharko du beregain, eta alde batera utziko ditu bere garaian egin zituen lur azpiko kontenedoreak, zaborretara boteaz 150.000 €-tik gora, lurperatze lanetan gastatu ditugunak.
EAJ-PNV
Kudeatzea da, biltzea eta tratatzea. Biltzeko bosgarren kontenedorean sinesten dut, herritarren erosotasunagatik, kostuagatik, eta lortu daitezkeen emaitza exijenteenengatik. Tratamenduari dagokionez, konbentzituta gaude konpostatu egin behar dela, berrerabili, birziklatu, eta azken kondarrak erre. Hori bai, horretarako azken generazioko teknologia erabilita.
Zaborrak bildu behar dira beharrezkoa den egunetan, modu mekanikoan, eta herritarren eta dendarien beharretara egokitutako sistema baten bitartez. Adierazi nahi dut, agintarien proposamenek, gizarte demokratiko batean, herritarren bizi-baldintzak hobetzea bilatu behar dutela, eta okertzea.
Gure jarrera garbi dago: erre beharreko zatia ahalik eta txikiena izatea, eta Europako Direktibak betetzea, zabortegiak ixtera behartzen gaituztenak.
HAMAIKABAT
Zaborren kudeaketak osoko sistema bat behar du. Gu San Marko Mankomunitateak onartu zuen Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren (HHKPI) aldekoak gara. Gainera, gaur mahai gainean daukagun plan integral bakarra da, nahiz eta San Marko Mankomunitatean beste gehiengo bat egon. Batzuentzat zaborren arazoa bilketa sistema batekin konpon daiteke, eta hori demagogia hutsa da. Bilketa sistema batek ez du arazoa konpontzen, horregatik ari dira orain, atez ateko sistema zaleak, moratoria eskatzen. Beraiek martxan jarritako bilketa sistemak ez baitio benetako problemari aurre egiten.
Azken hogeita hamar urtetik hona hiritarren kontzientziazioa guztiz aldatu da. Bide horretatik joan behar dugu. Gainera, beste pauso bat ematea beharrezkoa ikusten dugu, organikoaren bilketa, hain zuzen. Oraingo gaikako bilketari organikoa gehitzen badiogu, 5. kontenedorea, aurrerapauso ikaragarria lortuko genuke birziklaketa mailetan.
Zaborrak erantzun integrala behar du, eta guk berziklatzen edo berrerabili ezin daitezkeen zaborrekin San Marko Mankomunitateak onartutako HHKPI aurrikusten duenarekin bat egiten degu. Beste batzuk, ordea, zabor horren aurrean ´moratoria` eskatzen dute, zaborrekin zer egin ez dakitenaren seinale.
EB-Berdeak / Aralar
Hondakinak kudeatzeko sistemarik onena zein den galdetzen digutenean, lehendabizi hiru hitz etortzen zaizkigu: gutxitu, berrerabili eta birziklatu. Guk hitz batzuk gehiago erantsiko dizkiogu: konpostatu eta ez kontaminatu.
Hori mundu guztiak onartzen du, gaur egun, jaso dugun kultura jasota, inork ez du hori ukatzen. Baina galdera honakoa da: sistema guztiek funtzionatzen al dute?
Erantzuna; funtzionatu denek egiten dute, baina emaitza oso ezberdinak dituzte.
Gure proposamena; jatorrian bereizi, Atez Ate bildu, konpostatu, birziklatzen ez dena Biometanizatu, materia inertea konpaktatu eta inerte guztia biltzen den moduan bildu. Material horrek ez du isuririk, eta ez du gas toxikorik, eta hori da gaur egungo zabortegietan arazoak eta molestiak sortzen dituena. Gainera, bolumena hamarretik batera jaitsiko litzateke. Material horrek ez luke erraustegiak duen hondakin arriskutsurik sortuko.
PP
Hernanirentzat, sistemarik onena 5 kontendorekoa da. Zergatik? Arrazoi hauengatik:
a) Bilketa sistema guztiek zerbait egin behar dute biltzen dutenarekin. Atez Atekoak,
5. kontenedoreak bezala, konpostatu, birziklatu eta erre egin behar du, ez du beste erremediorik. Eta gainera, konposta beharrik ia ez dago Gipuzkoan, beraz, ezingo da konpost gehiena enpleatu.
b) Gipuzkoako zortzi mankomunitatetik seik, 5. kontenedorearen alde egin dute. Beste bi horien artean dago San Marko; eta San Markon Hernani. San Markok oraindik ez du erabaki zein sistemaren alde egingo duen. Zer egin behar du Hernanik? Erabaki beharra dauka Mankomunitatean segi edo aldegin.
c) Herritarrek behar dute sistema bat, egunero zaborrak ateratzen utziko diena; eta behartuko ez dituena zaborrak etxean pilatuta edukitzera. Sistema flexible bat behar da, eta ez sistema gogor bat.
d) Birziklatzen ez diren materialak erre egin behar dira. Entzuten dugu, Atez Atekoak ez duela erraustegiaren beharrik, baina ez dute esaten nola erremediatuko duten.