Hernani, Usurbilgo bideari segika

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 20a, 01:00

Maiatzak 9. Igande horretatik aurrera Hernaniko za­borrak atez ate bilduko dira. Orain arte ezagutu ditugun kontenedoreak kendu egingo dituzte (beirarena izan ezik), eta etxe ondoan ja­rri­ko dituzten zintzilikarioetara atera beharko dira zabor poltsak eta organikoaren ontziak.
Orain arte, hondakinak lau zatitan bereizten baziren, orain bost zatitan bereiziko dira. Bosgarren hori da organikoa, janaria, orain arte za­bor­tegira joaten zena, eta he­mendik aurrera ongarri bi­hur­tuko dena; konpost, alegia. Eta hori da, hain zuzen ere, Atez Atekoak dakarkien berrikuntzarik haundiena.     

Erraustegiaren alternatiba izatea helburu

Atez Ateko sistemak helburu bat du, beste batzuren artean: erraustegiaren alternatiba izatea. Erraustegia 2013rako jarri nahi dute Zubietan, eta Atez Atekoa bultzatzen dutenek dio­te, erraustegia ez dela be­harrezkoa, Atez Atekoa egiten bada. Erraustegiak Zubieta on­doko herrietan (tartean Her­nani) osasun kalte haundiak sortuko dituela diote erraustegiaren kontra daudenek.
Gaur egun, %30 inguru birziklatzen da, eta Atez Ate­koa­rekin %80-90 birziklatu nahi da. Geratzen diren kondarrak  (%20-10) biltegi inerte batera eraman nahi dira, aurretik tratamendu bat pasata (biometanizazioa); erre gabe.

Uztailean erabaki,
maiatzean martxan

2009ko uztailaren 29an erabaki zuen Plenoak Atez Ateko bilketa sistema martxan jar­tzea, eta 2010eko otsailaren 12an jakinarazi du Marian Bei­tia­larrangoitia alkateak, sistema maiatzaren 9an jarriko dutela martxan. Bitarte horretan aldeko eta kontrako jarrera asko izan dira herrian.

Aldeko eta kontrako jarrerak
Gobernu Taldeak eta EB-Ara­lar taldeek bultzatu dute Her­nanin Atez Ateko sistema mar­­txan jartzea. Horrez gain, herritar talde bat ere sortu da, Hernani Zero Zabor izenekoa, Atez Ateko sistemaren alde lanean ari dena.
Udaleko gainerako alderdiek ez dute begi onez ikusi sistema. PSE-EE, EAJ-PNV, Hamaikabat eta PPrentzat, sistemarik egokiena 5. kontenedorea jartzean datza. Bos­ga­rren kontenedorea izango li­tza­teke organikoarentzat, eta euren ustez, bost kontenedorerekin %40-45 birziklatzera iri­tsi liteke. Birziklatu ezin dena erraustegian erretzearen aldekoak dira.  
Bestalde, alderdi horiek ke­xatu dira, Atez Atekoa sistema atzerapausua litzatekeelako euren ustez. Kaleak zikinago egongo liratekeela diote, herritarrentzat erosotasun eta intimitate falta litzatekeela salatu dute. Ez dituela esaten duten bezalako emaitzak ematen, eta ekonomikoki diru galera litzatekeela Udalarentzat.  

Firma bilketa,
erreferenduma eskatzeko

Atez Ateko sistema martxan jarri aurretik erreferendum bat egin beharko litzatekeela es­katzeko, firma bilketa egin du herritar talde batek. Platafor­mak adierazi dio Udalari, 6.045 firma bildu dituztela, eta eskatu dio erreferenduma egiteko, sistema mar­txan jarri aurretik.
PSE-EE, EAJ-PNV, Ha­mai­kabat eta PP alderdiak Kronikari jakinarazi diotenez, sistema martxan jarri aurretik erreferenduma egitearen alde daude, «inoiz Hernanin herritarren mugimendurik haun­diena lortu duen gaia izan delako». Gobernu Tal­deak eta EB-Aralar alderdiek diote, erreferenduma sistema mar­txan jarri eta gero egin behar dela; ari direla erreferendumaren alde lanean, bi nora­bi­detan. Batetik, Gipuz­koa mailako erreferendum bat egiteko, eta bestetik herritarrek Atez Ateko sistema probatu dezaten, «euren aukera arrazoitua eta ezagutza zuzenean oinarritua izan dadin».
Datorren Plenoan hitz egin­go dute gaiari buruz.

Ontziak banatzen, datorren asteartean hasiko dira

Sistema martxan jartzeko pausuak etenik gabe ematen ari da Udala. Datorren astean zintzilikarioak jartzen hasiko dira, eta asteartean hasiko dira organikoa biltzeko ontziak banatzen.

Pauso garrantzitsuenak
Uztailak 29: Atez Atekoa jartzea Plenoan onartu
Urria-Azaroa: Bilerak herritarrekin eta merkatari eta ostalariekin.
Urtarrila: Lehendabiziko kanpaina konpostagailuak banatzeko.
Otsaila: Zaborren Ordenantza eta Enpresa Publikoa sortzea Plenoan onartu
Martxoa: Jarraipen Batzordeak bilerak hasi, sistemaren inguruan lan egiteko.
Datorren asteartea: kuboak bana­tzen hasi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!