Hernanik gaur hasiko du denboraldi bikain bat errematatzeko lehendabiziko pausoa. Jubenilek Euskal Ligako finala jokatuko dute Getxoren kontra, Eibarko Unbe zelaian, 11:00etan. Partidua irabaztekoa dute, berez, hernaniarrek. Ligan bi aldiz irabazi diote aurten getxoztarrei, eta hori kasualitate bat ez dela izan demostratzera aterako dira gaur, Hernaniko mutilak.
Hernaniarrak oso gogor ari dira aurten, denboraldi osoan. Gaur garaipena nahi dute, eta irabazi edo galdu, Espainiako Estatuko Txapelketa jokatuko dute. Hor izango dute bigarren aukera, denboraldia errematatzeko.
Esperientzidun taldea
Jokalari faltarik ez du jubenilen taldeak. 22-23 gazte ari dira fuerte entrenatzen astero, eta gehienak, 15 bat, infantil eta alebinetatik datozenak dira; esperientziadunak, alegia. Hori antzeman egiten da, eta besteak beste, aurten horregatik daukate hainbesteko ilusioa eta esperantza talde honekin.
Errematea kadeteek
Kadeteen taldea ere Euskal Ligako finalean da eta datorren astean jokatuko du. Gazteen bi taldeek finala jokatzea haundia da kirol talde batentzat; Hernaniren kasuan bost urte dira hori lortzen ez zela.