Jon Anzaren heriotza salatzeko mobilizazio eguna deitua zuen gaurko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak atzo, mobilizazio horiek debekatu zituen. Horren aurrean, AAMak jakinarazi du, dei egiten duela bai gaur, eta bai datozen egunetan gerra zikinaren eta errepresioaren aurrean kalera ateratzera.
Hernaniko AAMk, herritarrei kalera ateratzeko eskatzeaz gain, dei egin die herritarrei krespoi beltzdun ikurrinak balkoietan jartzeko. Horrez gain, asanblada egingo dute 20:00etan Gudarien plazan.
«Ez dugu bertsio ofiziala sinesten»
Hernaniko AAMak azaldu du, ez duela bertsio ofiziala sinesten. «Herri honetan lehendik ere pairatu dugu estatuaren ezinaren adierazle den gerra zikinaren itzal beltza. Orduan, orain bezala, bertsio ofizialek esandakoa eta gero izandakoa erabat ezberdinak izan ziren. Estatu aparailuek egindako hilketak izan zirela argi geratu zen. Espainiako gorputz errepresiboek hil dute Jon, barne ministeritzaren oniritziarekin».
Eta gaineratu du: «Estatuek Euskal Herria itotzeko bidean martxan jarritako estrategia errepresiboaren beste pausu bat dugu hau. Komunikabideen intoxikazioa, debekuak, atxiloketak, bahiketak, torturak eta erailketara iristeko prest daudela erakutsi dute oraingo honetan. Baina eraso honi ere erantzungo diogu. Euskal Herria errepresiboki belaunikatu nahi dutenen aurrean altxatu eta zutik jarraituko dugu».