Eraiki nahi den errauste plantak erdiz-erdi harrapatzen dituen Zubietako 11 herritar, tartean, Hernanin jaiotakoak eta bertan familia eta lagunak dituztenak, Hernanin izan ziren atzo. Gutun ireki bat idatzi dute eta gutun hori Hernaniko Udal agintariei eta hernaniar guztiei eskura entregatzera etorri ziren.
Bertan izan ziren Marian Beitialarrangoitia alkatea, Izaskun Txintxurreta, Juan Karlos Plazaola eta Beatriz Fernandino zinegotziak. Gutuna alkateari eman aurretik Luken Goia hernaniarrak bertan idatzitakoa irakurri zuen eta azaldu zuen eskerrak eta animoak ematen dizkiotela Hernaniko herriari, «Usurbilek emandako urratsa jarraituz, Atez Ateko bilketa sistema martxan jartzea erabakitzeagatik; errausketa bezalako sistema pozoitsurik gabe, askoz soluzio hobea martxan jartzeagatik».
«Denok gara kaltetuak: Hernani eta inguruko herriak»
Intzinerazioak eragingo lituzkeen kalteez kezkatuta, zubietarrek argi azpimarratu zuten: «Denok gara kaltetuak: Hernani eta inguruko beste herrietako jende askok jasango ditu kalteak kilometro askoko bueltan». Beitialarrangoitia alkateak hitza hartu zuenean, ildo beretik jo zuen eta askotan kalte ekonomiko eta ekologikoak aipatzen badira ere, batez ere, osasunean eragingo duen kaltea izan behar dela kontuan azaldu zuen. Gaineratu zuen, Hernanik bere eskuetan dagoen guztia egingo duela erraustegirik egon ez dadin eta diputazioari eskatu zaion moratoriaren, hau da, epea luzatzearen aldeko jarrera azaldu zuen beste behin.
Firma bilketarekin minduta
Erreferenduma eskatuz, Hernanin bildu diren milaka firmei dagokienez, honakoa azaldu zuten Zubietatik bertaratutakoek: «Esan nahi dugu minduta gaudela. Jakinda zer nolako dirutza eta interesak dauden errauste plantaren atzean, jakinda zer nolako intoxikazio kanpaina egin duten batzuek Atez Atekoaren kontra, jakinda nolako haserrea piztu zen Hernanin intzineradora Landarbason jartzea aipatu zutenean, jakinda hori guztia eta gehiago... ezin dugu ulertu firma bilketa hori. Atez Atekoa oztopatzeak edo atzeratzeak ez baitu lortzen, Zubietan intzineradora eraiki nahi dutenen interesei eta indarrei laguntzea besterik».
Konfidantza
hernaniarrengan
Azaldu zuten Hernaniko herria ezagutzen dutela eta konfidantza dutela hernaniarrengan. «Zubietan hamaika gautan galdu dugu loa munstro horregatik. Baina gaurik ilunenean ere eduki dugu lagunen eta kontzientzia duten herritar askoren babesa». Eta eskaera argia egin dute: «eman aukera Atez Atekoari! Erraustegirik ez, ez Zubietan, ez beste inon!».