Txamantxoia, Belagua eta Anso bailaren arteko gailurra

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 14a, 01:00

Mendiriz mendi Txamantxoia Belagua eta Anso (Zuriza) bailaren artean dagoen gailurra da. Belaguakoek Txamantxoia izena ematen diote, baina beste aldean, Zurizan, Maz edo Maze izenarekin ezagutzen da. Bi aldeetatik duen itxura ere, izenaren modura, guztiz desberdina da. Nafarroa aldetik itxura leuneko mendia da, Zuriza aldetik ordea piramide ikusgarri bat da. Belagua bailara jatorri glaziarra duen Nafarroako bailara bakarra da. Mota hauetako bailaren U itxura erraz antzematen da inguruko mendien gailurretatik. Antzina Larra inguruan zegoen glaziar baten lanaren arrastoa da Belagua bailara.


Nola iritsi
A-15 autobidea jarraitu Iruñeraino. Bertan A-21 autobidetik Zangoza aldera egin. Zangozara iritsi baino apur bat lehenago, Liedenan, Yesako bidea hartu (N-240), urtegia zeharkatu eta amaieran dagoen gasolindegian ezkerrera egin eta Burgi aldera doan A-137 errepidea hartu. Burgi, Ronkal eta Izaba herriak zeharkatuz iritsiko gara ibilbidearen abiapuntua den Asolaze kanpinera.


Bi eremu aberats eta ikusgarri

Inguru hauetan bi eremu natural aberats eta ikusgarriak ditugu, bi harribi­txi. Bata Larrako eremu karstikoa, Eu­ropa mailan handienetarikoa. Biga­rrena Obietako basoa, izeiez eta pagoz osatutakoa, Europa mendebaldeko azken baso birjinetariko bat dugu. Aipatzekoa da ere inguru hauetan, noizbehinka, desagertzeko zorian dagoen artzaren arrastoak eta ibilaldiak izaten direla oraindik.


Ibilbidearen deskribapena

Kanpinetik errepidera jaitsi behar da eta metro batzuk atzera, Izaba aldera, egin behar da gure ezkerrean pista bat aurkitu arte. Pista jarraitu eta Maze bailaran sartuko gara. Pistak bailaran gora, ekialdera, egiten du. Igoera erraza da denbora guztian pista jarraitzen delako. Ordubete inguru igaro ondoren bailararen amaierara iristen gara. Bertan bideak norabidea aldatu eta mendebaldera jotzen du. Pistari jarraitu behar zaio bere amaierara iritsi arte. Bertatik aurre-aurre ikusten da Txamantxoiara iristeko igo behar den mendi-hegala. Pista utzi eta soro batean sartzen gara. Pago zahar-zaharrez osatutako basotxo bat igaro eta goiko muinoetara iristeko igo behar den mendi-hegala aurrean dugu. Zati honetan dago ibilbideko igoera gogorrena, baino ez da oso luzea. Nolako elurra aurkitzen dugun, halako igoera. Elurra gogorra badago, kranpoiekin erraz eta azkar igotzen da. Elurra biguina badago, eta hori gertatzea ez da arraroa bertan mendi-hegala hego aldera orientatuta baitago, arrastoa egin beharko da eta igoera neketsuagoa suertatuko da.


Gailurrerako bidea erosoa da

Behin goiko soroetara iristerakoan, gailurreraino dagoen bidea erosoa da. Ez dago malda handirik eta pixkanaka-pixkanaka gora eginez berehala gara goian. Gailurretik paisaia ikusgarria da. Gure azpian Zuriza bailara, gure eskuinean Alano mendilerroa, aurrean Petrechema (2.366 m), Hiru Errege Mahaia (2.444 m) eta Anie (2.507 m) mendiak eta, azkenik, atzean Lakora (1.877 m) eta Lakartxela (1.982 m).

Datu interesgarriak

  • Distantzia: 20 Km.
  • Denbora: 6 ordu.
  • Desnibela: 900 m.
  • Gailurrik altuena: Aratz (1.443 m).
  • Zailtasuna: Zailtasuna berezirik gabekoa. 
  • Gailurrik altuena: Txamatxoia (1.945m) 
  • Beharrezko materiala: Neguko materiala. 
  • Mendiriz Mendik martxoak 26-27an egingo du irtenaldi hau.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!