Auzo Udala martxan jartzeko, azken pausua geratzen zaizue: martxoaren 28ko galdeketa. Nola bizi duzue?
Galdeketa egitearena guretzat festa modukoa da. Fase baten bukaera da. Jendearengan ere ilusioa ikusten dugu. Bost urte iraun du prozesuak eta azken urteetan giroa hoztua bazegoen ere, orain berriz, jendea azaltzen hasi da bileretara, eta lanerako gogoz dago.
Ze espero duzue? parte hartze haundia izango da, baiezkoa aterako da...?
Baiezkoa aterako dela uste dugu. Parte hartzearenak, horrek kezkatzen gaitu pixka bat. Batzarrak egin izan ditugunean 60bat lagun bildu izan gara eta jendea oso ilusionatua ikusten da, baina bada beste jende bat etortzen ez dena eta jendea mugitzea asko kostatzen da. Eta batzuk agian pentsatzen dute: zertarako? Azkenean kultura pixka bat, eta askorik gehiago ez da izango.
Adineko jendeak, berriz: Nola joango naiz ba botatzera, ulertzen ez dudan zerbait izanda? Baina kontuan izan behar da denon parte hartzea oso garrantzitsua dela, gainera beraiei zuzenduta izango dira zerbitzu gehienak.
Emaitza ez da binkulantea baina ezezkoa aterako balitz edo baiezkoa, baina parte hartze oso txikia izanda, orduan zer?
Guretzat pixka bat desastrea litzateke, baina ikusi behar da ere zer gertatu zen herri ekipamenduen galdeketarekin. Gaur egun jendea mugitzea asko kostatzen da. Horregatik dei egiten diegu auzotar guztiei parte hartzeko. Gainera, bozkatzera etortzen direnei harrera beroa egingo zaie. Ze izango den, sorpresa!
Azken hitza Foru Aldundiak du. Plenoan aho batez onartua izan da eta ereñotzuarrek baiezkoa bozkatzen baduzue, segurua dirudi onartzea. Eta bestela?
Aztertu egin beharko genuke zergatik ezezkoa eman duen eta aurrera jarraitu. Orain arte izan ditugun bileretan aldeko jarrera izan dute eta harrigarria litzateke ezezkoa esatea orain. Gainera, Udalean ere aho batez onartu zen.
Zenbateko epean emango du erantzuna?
Ez dago argi, ez dute zehaztu. 6 hilabete gutxi gorabehera kalkulatzen dugu.
Gertatzen dena da, Gipuzkoa mailan lehenengo Auzo Udala litzatekeela. Eta uste dugu luze joko duela erantzunak, ondo aztertu nahian ibiliko direlako. Ondoren etor daitezkeen eskaerengatik, batez ere.
Behin Auzo Udala sortuta, alkatea eta lau juntakideak aukeratu beharko dira. Nola izango da?
Udal hauteskudeetan aukeratuko lirateke, Hernaniko Udalerako hauteskundeekin batera. Datorren urtekoan, esaterako. Alkatea izenez aukeratuko da. Hori bai, Auzo Udala aurretik sortuko balitz, bitarterako Diputazioak berak izendatuko luke junta.
Gure asmoa da juntan ordezkatuta egotea lurralde guztiko jendea, hau da, zonaka. Ez ahazteko auzo gune guztietako beharrak.
Eta guk pentsatzen dugu komeni dela izen abizenekin aurkeztea jendea. Guk nahi duguna da, nahi duena aurkeztea, partidu politikoak ere bai, noski, baina jendeak jakitea hasieratik zeintzuk diren hautagaiak eta zeni botatzeko aukera duen. Ez joatea alderdi bat botatzera, pertsona baizik, nahiz eta gero pertsona horrek agian alderdi bat ordezkatu. Eta boto kopuruen arabera izendatzea juntakideak.
Hernaniko Udaleko hauteskundeetan berdin berdin hartuko duzue parte?
Bai. Bi botokutxa izango ditugu. Auzotarrek oso argi daukate bi aukerak izan nahi dituztela. Nahiz eta Auzo Udala izan, hernaniar izaten jarraitzen dugu eta auzotarrek nahi dute Hernaniko hauteskudeetan parte hartu eta beraien indarra izan. Adibidez talde bati hemen botatu, eta partidu politiko bati Hernanin. Hori nahi dugu, Hernaniko Udaleko hauteskundeekin zerikusirik ez izatea. Bi botokutxa independenteak.
Auzo Udala sortzeko prozesuari dagokionez, duela 5 urte jarri zenuten martxan Hernaniko Udalarekin elkarlanean. Ideia noiz sortu zen, eta nola?
Udaletxetik proposatu ziguten. Garai hartan Joxean Rekondo zen alkatea. Ereñotzun geunden elkarte, auzo elkarte, guraso elkarte, soziedade eta antzeko taldeei proposatu ziguten. Guk, orduan, ez genekien zer zen Auzo Udala eta galdetu eta informatzen hasi ginen. Sentsazioa izan zen hortik zeozer ona atera zitekeela eta orokorrean jendeak interesa jarri zuen.
Zertarako eta zergatik Auzo Udala?
Helburu nagusiak dira, alde batetik, auzoaren biziberritzea: orain 575 biztanle inguru baldin bagara, orain dela 10bat urte 700dik gora ginen. Eta beheraka doa. Kontuan izan behar da ere, Ereñotzu oso sakabanatua dagoela eta honi lotuta, biltzeko ohitura sortu nahi da, kohesioa bultzatu. Eta gazteei dagokienez, hemen aukerak izan ditzatela lortu, Hernanira joan beharrik ez izatea eta auzoarekin lotura ez galtzea.
Bestetik, bertako bizilagunei zerbitzu publikoa gerturatu nahi zaie. Herri gunetik auzora dagoen distantzia kontuan izanda, zerbitzuak oso urrun geratzen zaizkigu.
Urruntasunaz aparte, desproportzioa dago auzo txiki bat eta herri haundi baten artean. Azkenean ikusten dena da gure beharrak oso txikiak geratzen direla Hernaniko kaxkoko beste auzo baten aldean. Hernani izango balitz beste tamaina bateko herria, 2.000-3.000 biztanleko herria, esaterako, gure beharrak gehiago hartuko ziren kontutan. Proportzioak eragiten du. Helburua da auzotarren bizi-kalitatea hobetzea, zentzu zabalean.
Ze betebehar izango ditu Auzo Udalak, zehazki?
Ondarearen zainketa alde batetik. Honek esan nahi du baserrietara dijoazten bide publikoak, herri bideak mantentzea, baina etxeetaraino bakarrik. Mendiari dagokiona ez litzateke izango gure konpetentzia. Horrez gain, auzoan dauden plaza, parke eta kaleak mantentzea. Hori da gure ondarea eta hori mantentzea da zeregin nagusietako bat. Eraikinen aldetik berriz: bola tokia, ur depositoa, eskola eta futbol zelaia.
Zerbitzuei dagokienez, kulturan, orain arte egin diren, festak, kultur astea, beste ekitaldi puntualak… egingo dira. Eta baita gauza gehiago ere. Ez bakarrik hain ekitaldi puntualak. Urte guztirako programazio jarrai bat egotea nahi dugu.
Gizarte zerbitzuetan berriz, asistenta sozial bat jarri nahi da eta astean behin etortzea behintzat. Horrez gain, langile bat egongo litzateke hemen, Auzo Udaleko egoitzan (kultur etxean) bulegoko lanak egiten; lan administratiboa. Eta Udaletxeak gizarte kontuetarako dauzkan diru-laguntzei buruzko informazioa emango luke hemengo langileak. Nahiz eta diru-laguntzak Hernaniko Udalak emango lituzkeen, behintzat, hemen gestionatu eta gauzak erraztuko lirateke. Baita ere, Udalean egin daitezkeen tramite gehienak hemen egin ahal izango lirateke, hasierako pausua behintzat. Edozein galdera egiteko, hemengoek Hernaniraino joan beharrik ez lukete izango.
Langile bat aipatu duzue, zenbat aurreikusten dituzue?
Pertsonalarentzat badago diru partida bat eta langile bat eta erdirako kalkulatzen dugu, gutxi gorabehera oraingoz. Bat bulegoko lanak egiteko eta bestea kaleko lanak egiteko, brigada estilokoa. Guretzako bulegoko langilearena argi dago, Auzo Udalak daukan aukera bat da kredituak eta diru-laguntzak eskatzea eta horretarako mugitu egin behar da. Beraz, pertsona bat izatea beharrezkoa da. Kanpoko lanarena ikusiko da.
Inbertsio txikiak egiteko aukera ere badu Auzo Udalak. Ba al duzue zerbait pentsatua?
Auzoan aspalditik nahi ditugun proiektuak badira; esaterako, kultur etxea osorik konpontzea edo frontoia egitea. Tradizio haundia dauka pelotak inguru honetan eta frontoia behar da. Eta horrez gain, leku estali bat festak-eta egiteko edo neguan umeek jolasteko. Eta inbertsio gaitasun txikia izanda, auzo lana bultzatu eta berreskuratu beharko dugula uste dugu; hori nahi dugu.
Konpetentzia gehiago hartzerik ba al zegoen?
Legeak ematen dizkio aukera mordo bat Auzo Udalari bertako lana berak antolatzeko, eta gu gelditu gara, nolabait, erdi bidean. Konpetentzia batzuk hartu ditugu, beste batzuei esan diegu ezetz, ekonomikoki ez duelako konpentsatzen daukagun aurrekontuarekin.
Legeak esaten du, badaudela Auzo Udalaren berezko konpetentziak eta beste batzuk Udalak delegatuak, nolabait esateko, borondatez. Horiek dira kultura eta gizarte zerbitzuak, gure kasuan. Gainera, honek ematen dizuna da neurriko zapata egiteko aukera. Gerora Udaletxe nagusiaren eta Auzo Udalaren artean konpetentzia gehiago adosteko aukera ematen dizu. Orain, neurriko zerbait egiten saiatu gara, daukagun gaitasunarekin, bai jende aldetik, bai ekonomia aldetik.
Auzo Udala sortzerako orduan, zuen kasuan ez da inoiz sentimendu kontua izan, ezta?
Ez. Guk beti brometan esaten dugu errepublika independentea garela, baina serio inork ez du esaten hernaniarra ez denik. Nik uste, izaera bikoitz hori denok oso gustora hartu izan dugula. Ereñotzuarrak eta hernaniarrak.
Eta zentzu horretan esan nahi dugu ez dela inondik ere Hernaniri kalte egiteko ezer. Araudiak gainera argi azaltzen du hori. Azkenean kontua da, bestela ere hona bideratu beharko litzatekeen dirua modu zuzenagoan bideratzea. Ez zaio Hernaniri ezer kentzen. Oreka bat bilatzeko da.
EZAUGARRIAK:
- Lurraldea: Lastaola, Epele, Fagollaga, Ereñotzu, Latxe, Ugaldetxo eta Pagoaga (hauteskunde barrutia).
- Ondarea: Baserrietara doazen bide publikoek eta hainbat lursail eta eraikuntzek osatzen dute.
- Aginte organoak:
Auzo Alkatea eta 4 bokalez osatutako Junta.
Aginte organoaren hautaketa: 4 urtez behin, ohizko Udal Hauteskundeetan.
Hautes-barrutian 2 botokutxa izango dira:
1) Batean, Ereñotzuko Alkatea eta Junta hautatzeko botoak bilduko dira.
2) Bestean, Hernaniko Udaleko ordezkariak hautatzeko botoak, orain arte bezala. - Eskumenak/
betebeharrak:
- Ondarearen zainketa lan txikiak.
- Kultura.
- Gizarte zerbitzuak.
- Inbertsio txikiak.
- Instituzioekin harremanak.
- Kredituak eskatzeko gaitasuna.
- Diru laguntzak eskatzeko gaitasuna. - Hernaniko Udalaren gain jarraitzen duten
eskumenak:
- Ondarearen zainketa lan haundiak.
- Inbertsio haundiak.
- Hirigintza, eraikitze baimenak.
- Zerga bilketa.
- Udaltzaingoa.
- Kale garbiketa eta zaborrak.
- Ura eta argia.
- Zahar etxea, eguneko zentroa eta etxez-etxeko laguntza. - Aurrekontua:
Hernaniko Udalaren aurrekontuaren arabera kalkulatzen da, formula baten bidez. 2009ko Ereñotzuko aurrekontua 339.864,46 eurokoa izango zen.
- Zehaztapen batzuk:
- Ereñotzuko Auzo Udalak Hernaniko Udalaren barruan jarraituko du.
- Auzo Udaleko biztanleek Hernaniko Udalekoek dituzten eskubide berberak izaten jarraituko dute.
- Aurrekontua gainditzen duten inbertsio eta gastu haundiak Hernaniko Udalarekin adostu beharko dira.
- Auzo Udalaren sorrerarako azken hitza Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, baita hautaketa prozedura onartzea ere.