hernani Urrezko Kopa jokatzen ari da eta gaur, azken faseko bigarren partidua jokatuko du Bera Bera talde donostiarraren aurka. Anoetan izango da norgehiagoka, arratsaldeko 16:30etan. Bihar ETB3an ikusteko aukera izango da 15:00etan. Gaurkoa jokatuta, beste partidu bat geratuko litzaieke Urrezko Kopa jokatzen ari diren lau taldeei eta oraindik ez dago ezer erabakita.
Ligari begira, batez ere
Joxe Elosegi Errugbi elkarteko arduradunetako batek azaldutakoaren arabera, Hernani, txapelketa honi baino gehiago, Ligari begira dago; izan ere, promozioa jokatzeko lehenengo postua mantendu behar du eta Bartzelona atzetik dauka puntu berdinetara. Dena dela, halako txapelketak ondo daudela azaldu du batez ere, normalean lehenengo taldean jokatzen ez dutenei jokatzeko aukera ematen zaielako. Lesioren batetik errekuperatzen ari direnei, datorren urtean seniorretan jokatuko duten jubenilei...
Kadeteek finalerdia jokatuko dute, gaur Landaren
Gaur Hernanin ere izango da jarraitu beharreko partidua. Kadeteak Euskal Liga ari dira jokatzen eta finalerdietako itzuliko partidua jokatuko dute 12:00etan, Landaren. Independiente taldea izango dute aurkari. Joaneko partidua Hernanik irabazi zuen, beraz, berdintzearekin nahikoa izango luke finalera pasatzeko. Horrez gain, alebinek eta infantilek bihar jokatuko dute, 10:30etan. Alebinek Altamiran, eta infantilek Aieten.