hernaniko Udaleko Inmigrazio arloak eskatuta, azterketa egin du Anitzak Ekimenak, Hernaniko biztanleen jatorriari buruz. Jatorriari buruz, eta batzuen eta besteen arteko elkarbizitzari buruz. Azterketa egina dago, eta joan den astean herritarrekin eztabaidatu eta gero, laster ondorio nagusiak kaleratuko dituzte.
Jatorri askotako hernaniarrak
Hernani aztertu dute azterketa egin dutenek. Hernanin bizi garen pertsonak, nondik gatoz? Zein jatorritakoak gara? Zein kultura daukagu? Nola bizi gara? Zein baldintzatan? Hernanira, Espainiatik jende asko etorri da, Frantziatik ere bai, eta Europa eta munduko beste herrietatik ere bai. Jatorri askotako jendea bizi da Hernanin, kultura askotakoa... eta elkarrekin berdintasunean bizi ahal izateko zubiak eraiki behar dira. Modu bat bilatu, aniztasun hori aberasgarria izan dadin, denontzat.
Hori da, oso labur esanda, azterketa honen helburua. Egoera aztertzea, eta zer egin litekeen planteatzea, egoera hori ahalik eta ondoen gestionatu dezagun.
Kezka nagusia: eskubideak, eta zubiak nola eraiki
Ondorio nagusiak atera gabe daude, baina bi eztabaida eginak dira dagoeneko. Lehendabizikoan asko hitz egin zen etorkinen eskubideei buruz. Bigarrenean, kulturen arteko zubiak nola eraiki izan zuten kezka nagusia.