Ereñotzun Auzo Udala (Tokiko Entitate deszentralizatua) sortzeko prozesua azken fasean sartu da; urtarrilean Udal Plenoan onartu ondoren, orain galdeketa egingo dute Ereñotzuko biztanleen artean. Izan ere, horrelako entitate bat sortu ahal izateko, auzoko hautesleen iritzia eskatzen da (iritzi ez binkulantea), Plenoan onartua izateaz gain. Iritzia galdeketaren bidez jasoko da eta lortutako emaitza Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztuko da dagokion txostenarekin batera. Aldundiak du azken hitza. Galdeketa hori martxoaren 28an, hilabeteko azken igandean izango da.
«Pausu oso garrantzitsua»
Ereñotzuko Olak auzo elkartearentzat, pausu hau oso garrantzitsua da. «Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken erabakian izan dezakeen pisuagatik, eta bestetik, emaitza honek berretsiko lukeelako Ereñotzuko auzotarrek Auzo Udala sortzeko duten borondatea eta azken urteetan egindako lana».
Hori horrela, auzotar guztiei dei egiten die martxoaren 28an egingo den galdeketan beren botoa emateko. Horrez gain, jakinarazi du datozen egunetan etxez etxe ibiliko direla Auzo Udalaren informazioa ahalik eta auzotar gehienei emateko eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
Auzoa biziberritzea eta
zerbitzu publikoak
gerturatzea helburu
Duela bost urte Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Olak Auzo Elkarteak elkarlanean abiatutako prozesua da Auzo Udalarena, eta behin azken fasean sartuta, asmoa dute 2011ko Udal hauteskundeetarako Auzo Udala sortzea.
Auzo Udala sortzearen arrazoia honakoa da Olaken arabera: «Ereñotzuko Auzo Udalaren helburu nagusiak, Ereñotzuko auzoaren biziberritzea eta bertako bizilagunei zerbitzu publikoa gerturatzea dira. Horretarako tresna izan behar du Auzo Udalak; auzotik bertatik egindako zuzeneko kudeaketaren bitartez».
Galdeketa
Galdera bakarra:
Ereñotzuko Auzo Udala
sortzearen alde al zaude? Bai/Ez.
Noiz eta non izango da
galdeketa:
Martxoaren 28an, igandea, Ereñotzuko Kultur etxean.
Ordutegia:
10:00etatik 18:00etara.
Baldintzak:
- 2010eko martxoaren 1a baino lehen, Ereñotzun
erroldatua egotea (Hernaniko Udaletik bidaliko dira errolda txartelak).
- 2010eko martxoaren 28an, 16 urte beteak izatea.