Berokiak, jertseak, galtzak, galtzerdiak, zapatak, poltsak, pitxiak, umeentzako arropak eta osagarriak, jokuak, liburuak... denetarik aurkitu zitekeen atzo Atsegindegin; izan ere, neguko merkealdi kanpaina bukatzeko, ohi bezala, Berriak elkarteko hainbat merkatarik Stock Azoka antolatu zuten. Eta jendea hantxe, azken pagotxa harrapatzeko irrikaz. Kronika zenbait dendariri galdezka aritu zen egunaren berri jakiteko. Orokorrean azaldu zutenez, krisia nabaritzen da, baina goizean jende ugari ibili zen eta ondo saldu zen. Arratsaldean, berriz, mugimendu gutxi izan zen. Donostiako azokarekin koinziditzearen eraginez izaten dela azaldu zuten. «Batera tokatzen direnean nabaritzen da. Asko hara joaten dira, aukera gehiago dago-eta», azaldu zuen Joplin dendako Oihana Burgañak.
Eta nolako bezeroak ibiltzen dira?
Mentxu Labaka Kera dendakoak azaldutakoaren arabera, mota guztietako jendea ibiltzen da, baina tartean izaten dira azokaren zain egoten diren bezeroak ere. «Lehenagotik aukeratuta izaten dute nahi dutena eta azoka izan arte itxaroten dute merkealdian baino zertxobait merkeago jartzen dugulako».
Hurrengo azoka irailean izango da, udako denboraldiko kanpaina bukatzean, hain zuzen.