Etorkizuneko Hernaniren bila

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 6a, 01:00

Mugikortasun Iraunkorrerako planaren erakusketak Hernaniren antolaketa berriaren oinarriak jar­tzen ditu etorkizunari begira. Txosten honek emandako go­mendioak aurrera egingo balute Hernaniko kale eta auzoek aldaketa haundia ja­san­go lukete bere fisonomian. Herriaren erdialdeko kale askoren peatonalizazioa, trafikoak herritik ateratzeko eta herrira sartzeko bideen aldaketa sakona edota ga­rraio publikoaren ibilbideen egituraketa berria dira, besteak beste, proiektuak aldatzea gomendatzen duena. Azken asteetan, proiektua ikusgai izan da Biterin eta erakusketa astelehenean kenduko dute. Nahiz eta erakusketa hori kendu, herritarren ekarpenak eta iritziak jaso­tzen jarraituko du Udalak gai honen inguruan. Txostenak, irizpide batzuk ezarriko dizkio aurrerantzean mugikortasunaren arloan egin­go diren udal jarduerei. Irizpide horiek, herritarren bizitza kalitatea hobetu, planeamendu urbanistiko jasangarri bat sustatu eta trafikoak ingurunean duen inpaktua gutxitzean oinarri­tzen dira. Plan honetan ageri diren aktuazio guztiak gomendioak dira soilik, beraz nahi izanez gero, Udalak gomendio ho­riek jarraitu beharrik ez du.


Kotxeen zirkulazioan aldaketak
Aldaketa garrantzitsuenak he­rri barruko zirkulazioan, oinezkoen espazioetan eta garraio publikoen ibilbideetan emango dira txostenean ikusi daitekeenaren arabera. Planak aparkalekuen inguruan egon daitekeen problematika ere aztertzen du eta azkenik bidegorrien sarea nola osatu beharko litzatekeen proposatzen du. Trafikoaren gaian, Her­naniko erdialdean ematen den zirkulazioaren bolumenaren murrizketa da proiektuak duen ardatz nagusia. Horretarako Herrirako sarrera eta irteera puntuen modifikazioa proposatzen da zirkuitu perimetral bat osatuaz Hernaniren kanpoaldean. Sarrera-irteera puntu horiek Txantxillan, Portu auzoan, Karabel auzoan, Sorgin­txu­lon eta Florida auzoan egongo lirateke eta bost puntu horien loturak sortuko luke zirkuitu perimetral hori. Puntu horiek, gaur egunean ezingo lukete horrelako zirkulazio bolumenik jasan eta gainera trenbideak sor­tzen duen muga hori ere gainditu beharko lukete. Horre­ta­ra­ko Mugikortasun planak gu­ne horietan egin beharko liratekeen egokitzapenak zehaz­ten ditu. Portu eta Flo­rida auzoetan, adibidez, trenbide azpiko pasabide berriak egin beharko dira planaren arabera eta bi auzo hauek Kara­belekin lotzen dituzten bideak ere egokitu beharko dira. Zirkuitu perimetrala, hainbat kaleen zirkulazio norabideen antolaketa berria ekarriko du. Horrela, Orbegozoko zubiak irteerako norabidea soilik izango luke edota Latsunbe eta Antziola auzoak lotzen dituen bideak nora­bide bikoitza izatea proposatzen da. Beraz, Hernaniko trafikoak aldaketa sakonak jasango lituzke Udalak txosten honen gomendioak jarraituko balitu.


Oinezkoen eremuen ugaritzea
Mugikortasun Iraunkorreko proiektuaren beste berrikun­tza nagusiak oinezkoentzako espazioen arloan ematen dira. Proiektuak, herriko espazio publikoaren zentzuzko erabileraren alde egiten du eta horretarako motorrik gabeko eta oinezkoen zirkulazioari ematen dio lehentasuna, batez ere, herriaren erdialdean eta gune residentzialetan. Oinezkoen eremuak egituratzeko ´Erven guneak` eta ´20 eremua`-k izeneko gune bereziak sortuko dira herrian zehar. Horrela, proiektuaren arabera, Portu auzoa, Lizeaga kalea edota Zinko Enea bezalako eremuak, gune berezi horien izendapena hartuko lukete eta oinezkoek izango lukete bertan lehentasuna. Kasu batzuetan, oinez­koen erabilerarako soilik uztea da iradokitzen dena. Izpizua ka­lea eta Sandiusterri kalea dira, beste batzuen artean, oinezkoentzako bide be­zala gelditu daitezkeenak planaren arabera. Gainera, herrian zehar igogailu ge­hiago jartzearen beharraz ­­oh­a­r­tzen du proiektuak. Oinezkoen mugikortasuna mu­gatzen duten desnibel haundiak gainditzeko irtenbide onena dela dio proiektuak. Gaur egunean, igogailu bat dago mar­txan Hernanin eta Mugikor­tasun Iraunko­rreko Planak beste bost eraikitzea aurreikusten du.


Aparkalekuak eta bide gorriak
Aparkalekuen modifikazioa ere aipatzen da Mugikortasun Iraunkorreko plan berri horretan. Honen arabera, Hernaniko aparkaleku eskasiaren arazo larrienak auzo bakar batzuetan ematen dira soilik, hain zuzen, Alde Zaharrean eta Zabalgunea delakoan. Beste auzo batzuetan ere ondorioztatu da aparkaleku gabezia badagoela, baina erdialdeko auzoekin konparatuta gabezia hori ez da hain larria. Aparkalekuen inguruan egindako azterketan, plaza pribatuak eta kalean dauden aparkalekuak alderatu dira auzo bakoitzean dauden ibilgailu kopuruarekin eta aipatutako ondorioak lortu dira. Halere, aparkaleku berrien eraikitzea ere proposatzen da Mugikortasun Iraunkorreko txosten honetan. Hauek, herriaren erdialdetik kanpo eraikiko lirateke baina aurrez aipatutako oinezkoen mugikortasunaren aldeko neurriek, alde zaharrean oinez bost minututan egotea ahalbidetuko lukete. Aparkalekue­tarako proposatutako kokalekuak, Karabel, Lizeaga eta Latsunbe dira. Plan honen gomendioak etorkizunean kontutan har­tzen badira, bidegorri sareak garrantzi handia hartuko du eta izugarri ugarituko dira hauek herri guztian zehar. Bidegorri sare hau herri guztira hedatuko da eta auzo batetik bestera bizikletan mugitu ahal izango da jendea.


Garraio publikoaren berregituraketa
Azkenik, garraio publikoaren sustapenerako, honen berregituratze sakona proposatzen da Mugikortasun Iraunkorre­rako planean. Autobusen ibilbideak eta frekuentziak optimizatzea du helburutzat berregituratze honek. G1 (Hernani-Ayete-Donostia) eta A1 (Hernani-Astigarraga-Donostia) lineak, jasango lituzkete aldaketa garrantzi­tsuenak beren ibibideetan. Hauek Florida eta Antziola auzoetatik pasako lirateke bertako zonaldeko bizilagunek garraio publikorako sarbidea hurbilago izan dezaten. Herri barruko autobusak ere bere ibilbidea luzatuko luke eta herri osora iritsiko li­tzateke. Renfeko apeaderoaren kokalekua aldatzea ere proposatzen da planean. Orbegozoko zubira hurbil­tzea da planak gomendatzen duena. Hernanik jasan ditzakeen aldaketak, beraz, haundiak izan daitezke plan honen gomendioak jarraitzen badira. Hauek, oinarria bakarrik izango dira, Udaletxetik au­rrera eraman daitezkeen proiek­tuetarako, hortaz, etor­­­ki­­zuneko Hernani horrek ez du zertan proiektuan agertzen denaren antzik izan behar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!