Baten faltan... lau final asteburuan!

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 6a, 01:00

hernaniarrak ez dira nolanahiko urtea egiten ari aurtengoa. Lau final jokatuko dituzte asteburuan, hiru Euskal Herriko txapelketan, eta bat Gipuzkoakoan. Ojuel eta Gorrotxategi, Goikoetxea eta Gutierrez, eta Pagola eta Semper dira finala jokatuko dutenak Euskal Herrikoan. Gipuzkoako fi­nala jokatuko dutenak, trinketean, Otaegi eta Esnaola. Baten faltan lau final beraz, hernaniarrek jokatuko dituztenak; eta bost izan zitezkeen, Santxok eta Aizpitartek au­rreko asteburuan galdu izan ez balute (txapelketa dotorea egin dute bi horiek ere).

Ojuel eta Gorrotxategi atzo
Paul Ojuelek eta Aitor Go­rro­­txategik es­kuz binaka jo­katu zuten atzo, Mendizabal eta Irureta bikote elgetarraren kontra. (Kronikak erredakzioa itxi zuenean bukatu gabe zen partidua). Finala, atzo jokatu zuten, 20:00etan, Zornotzan, eta gaur aukera izango da ETB1en ikusteko. Txa­pel­keta gogorra jokatu behar izan dute hernaniarrek, eta final erdia, are gogorragoa. Final erdia 22-21 irabazi zuten, 17-21 atzetik joan eta gero, Ollo eta Etxeberria­ren kontra. Ho­rre­la, hernaniarrek ordaina har­tu zieten nafarrei, sailkapen fasean galdu egin baitzuten beren kontra.

Bihar bi final
Paleta gomaz, bihar bi final jokatuko dituzte hernaniarrek. Nagusietan, bigarren mailan, Miren Goikoetxea eta Eli Gutierrez finalean izango dira, joan den asteburuan Goenaga eta Lukasi (Hernani) irabazi eta gero. Txapelketan partidurik gal­du gabe daude bi hernaniar gazteak; maila oso ona erakusten ari dira, eta badirudi, partidu garrantzitsuetan ez direla kokiltzen. Mariñela­re­na eta Urtasun iruiñarren kon­tra jokatuko dute, Labri­ten, 10:30etatik aurrera. Jubeniletan ere hernaniarrak izango dira finalean, pa­le­ta gomaz. Eli Pagola eta Mai­­der Semper dira hain urru­ti iritsi direnak. Klasi­fi­ka­zio partiduetan partidu guz­tiak irabazi dituzte, eta oso in­dartsu iritsi dira finalera. Aurrean beste bikote haundi bat izango dute: Mentxaka­to­rre eta Gonzalez. Finala, La­briten, 10:30etatik aurrera.

Trinketean ere punta-puntan
Aritz Otaegik eta Eñaut Es­nao­lak gaur jokatuko dute, Gipuzkoako finala, Irurako trin­ketean, 15:00etatik aurrera, laugarren partidua. Aritz Otaegi aurrelariak jokatuko du finala, nahiz eta azken par­tidua Iñaki Esnalek jokatu, berak ezin zuelako. Behar Zana taldeko bikotearen kontra dute, Goikoetxea eta Esnaolaren kontra.

GRAVN txapelketan, 12 hernaniar paleta gomaz
Paleta gomaz, Her­naniko 12 pelotari ariko dira GRAVN txa­­pelketan, Gipuzkoaren ize­­nean. Dato­rren hasiko da txapelketa, eta Hernaniko Pe­lo­ta Elkarteko arduradunak txo­ratzen daude, maila guztietan badelako hernaniarren bat, gutxienez. Fe­de­ratuta dauden 16 pelotarietatik 12 selekzionatu dituzte. Garbiñe Ti­jerok dioe­nez, «Her­­nanin orain ari gara ikus­ten urtetan egindako la­na. Ondo egindako lana. Eta emaitzak bikainak dira. Mai­la guztietan (batez ere gazteenetan) izugarrizko mai­la dago Hernanin». 12 hauek dira Gipuz­koa­ren izenean ariko diren hernaniarrak: Aierbe, Irazus­taba­rre­na, Semper, Goikoe­txea, Ugal­de, Perez, Pagola, Man­zi­sidor, Lizeaga, Jauregi, Lu­cas eta Zabala.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!