Hondakinen ordenantza berria dela eta, Izaskun Txintxurreta ingurumen zinegotziak azaldu du normala dela araudiak isun sistema bat izatea, «gaur egungo hondakinen ordenantzak ere badu berea». «Araudi berriaren helburua ez da inor zigortzea, herritarrak edukatzea baizik», argitu du. Eta gaineratu du: «Udal korporazio honek argi du ondo egin nahi duten herritarrei ez diela isunik jarriko. Gaizki egin dutenekin hitz egitera hezitzaileak joango dira, ez udaltzainak. Propio behin eta berriz gaizki egiten dutenei edo asmo txarrez Atez Atekoa oztopatu nahian eta herria zikintzen saiatzen direnei bakarrik aplikatuko zaizkie isunak».
Lasaitasuna adinekoentzat ez ezik, hernaniar guztientzat
Andoni Amonarraiz zinegotziak adineko jendeak Atez Atekora moldatzeko behar lezakeen epe zabalagoaren inguruan agertu duen kezka dela eta, honakoa esan du Txintxurretak: «kezka hori guk hasieratik izan dugu eta hitzaldi bat eman genuen Goiz Eguzkin. Horrez gain, behar beste biltzeko eta eman beharreko azalpen guztiak emateko prest gaudela jakinarazi diegu behin baino gehiagotan, Goiz Eguzkiko arduradunei».
Adinekoei ez ezik, hernaniar guztiei lasai egoteko eskatu die: «helburu nagusi eta garrantzitsuena osasuna zabaltzea da eta ez azken muturreko erabaki zigortzaileak aplikatzea. Elkarlanean eta heziketaren bidez egingo dugu Atez Atekoaren bidea. Helburu hau lortuz gero, isunak egon egongo dira, beti egon diren moduan, baina ez dira beharrezkoak izango. Hala uste dugu behintzat».