txotx denboraldian bete-betean sartuta, iritsi da sagardoa eta kirola uztartzen dituen ekitaldia. Sagar Lasterra herri krossa izango da gaur, laugarren urtez jarraian. Goizeko 11:00etan hasiko da Hernaniko Arraun Elkartetik (Ibarluze industrialdea), eta Osiñaga bailaran eta Kaxkoan barrena 8 km pasatxo korrika egin ondoren, kiroldegian bukatuko da.
Ibarluzera joateko autobusak jarri dituzte doan. Kiroldegitik abiatuko dira (Latsunbe kalea) 10:10 eta 10:30etan.
Lasterketan 16 urtetik gorako guztiek dute aukera parte hartzeko eta izena emateko aukera ere izango dute gaur bertan, kiroldegian 10 euroren truke.
Sariak eta zozketa
Sariei dagokienez, partehartzaile guztiei kamiseta bana emango zaie. Horrez gain, maila bakoitzeko hiru lehenengoek trofeoa izango dute. Partehartzaile guztien artean, gainera, zozketa eder bat ere egingo da. Hernaniko sagardotegietan bi lagunentzako bazkari/afari bat, hain zuzen ere.