Aniztasunari eta elkarbizitzari buruzko sentsibilizazio jardunaldiak, gaur hasita

Kronika - Erredakzioa 2010ko mar. 2a, 01:00

Hernaniko Udaleko Inmi­grazio sailak, Anitzak Ekime­narekin batera, aniz­­­ta­sunaz eta elkarbizitzaz hausnartzeko, prozesu parte-hartzaile bat jarri zuen mar­txan, abenduan. Hernaniko populazioaren mapa erreala osatu nahian, herriko gizarte-eragile ezberdinekin bil­tzen aritu izan  dira orain arte, hala nola, AEK, Dobera, ikastetxeak, AMHER, Aska­pena, ema­ku­­meen elkarteak, kultur eragileak...
Behin mapa osatuta, sen­tsibilizazio-jardunaldiak antolatu dituzte gaur eta bihar, Jatorri anitz, herri bat izenekoak. Bertan, bildutako datuak eta osatutako populazio mapa azalduko dute. Eta horrekin batera, gaiaren inguruko solasaldiak izango dira. Jardunaldiak 18:30etan izango dira Biterin.

«Garrantzitsuena
gogoetarako espazio bat sortzea»

Anitzak Ekimeneko kideek azaldutakoaren arabera, «jardunaldi hauen helburu garrantzitsuena da, eztabaidaren bidez, gogoetarako espazio bat sortzea, elkartzeko eta eztabaidatzeko abiapuntu bihur daitekeena».
Eta gaineratu dute: «prozesu parte-hartzailea izanda, premiazkoa da jendearen partaidetza, beraz, gonbidapena herritar guztiei zuzenduta dago, noski, jatorria edozein izanda ere».
 
Prozesua ezinbestekoa
«Prozesua martxan jartzea erabaki zen jatorri aniztasuna errealitate ukaezina delako. Eta alde horretatik ezinbestekoa ikusi zen elkarren errespetuan eta aitortzan oinarritutako politikak bul­tzatzea, politika hauen bidez, pertsona guztien eskubide politiko, sozial, ekonomiko, linguistiko eta kulturalak berma daitezkeelako», azaldu dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!