Aste Santuari begira, adineko pertsonentzako egoitzetan izango diren aldi baterako egonaldiak prestatzen ari da Foru Aldundia eta eskaerak egiteko epea ere ireki du. Martxoaren 12ra arte, ostirala, egongo da zabalik. Gipuzkoako egoitza guztietan bezalaxe, Hernanin ere izango da aukera Ongintzan.
Zerbitzu honen bitartez, aukera ematen zaie etxean bizi ohi diren eta menpekotasuna duten adinekoei egoitzan bizitzeko, hainbat arrazoi direla eta, denboraldi jakin batez etxean bizi ezin dutenean. Kasu honetan, Aste Santuan.
Zaintzaileek atseden
hartzeko aukera
Esan bezala, menpekotasuna duten adinekoei dago zuzendua zerbitzua. Helburuak, berriz, honakoak dira: adineko pertsona horrek etxean bizitzen jarraitu dezan bitartekoak jartzea; zaintzaileei atseden hartzeko aukera ematea; eta zaintzaileak une jakin batean ezin duenean, bere ordez adineko pertsona zaintzea.
Unitate psikogeriatrikoko plazarik ez, eta egokitutako garraiorik ez
Aste Santuan, programak ez du izango unitate psikogeriatrikoko plazarik; beraz, perfil hori dutenek ezin dute parte hartu programa honetan. Horrez gain, 2010 urtetik aurrera, aldi bateko egonaldietan ez da egongo egokitutako garraiorik.
Plaza kopurua mugatua
Eskuragarri dauden plazen kopurua mugatua da; beraz, epez kanpo iristen diren eskaerak eskuragarri dauden plazen arabera eta haien perfilaren arabera aztertuko dira.
Eskaera betetzeko orria Ongintzan bertan lortu daiteke. Aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da: eskatzailearen NAN-aren fotokopia, eskatzailearen eta familiaren diru-sarreren egiaztagiria eta medikuaren txosten eguneratua (diagnostikoak eta tratamenduak barne). Eskatzailearen diru-sarreraren araberakoa da prezioa: 14 edo 22 euro. Informazio gehiago 943 112 519 telefonoan eta mibarreta@gipuzkoa.net helbidean.