Frantziako poliziak hiru lagun atxilotu zituen atzo, Normandiako Cahan herrian, Frantziako iparraldean. Polizia iturriek diotenez, Beinat Aginagalde Ugartemendia hernaniarra da atxilotuetako bat. Besteak biak Ibon Gogeaskoetxea Arronategi gernikarra, eta Gregorio Jimenez Morales tolosarra lirateke. Frantziako poliziak egin du operazioa, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Alfredo Pérez Rubalcaba Espainiako barne ministroak atzo prentsaurrekoan adierazi zuen, ETAko kideak direlakoan atxilotu dituztela hiru lagunak, eta beraiei egozten dizkiete 1997tik egindako zenbait atentatu, eta atentatu saiakera. Hiru atxilotuak Cahanetik Parisera eramango dituztela jakinarazi du Pérez Rubalcabak, Frantziako justiziaren eskuetan uzteko.
Manifestazioa, 20:00etan
Atxiloketak salatzeko, asanblada eta manifestazioa egin zituzten atzo Hernanin. Bertan adierazi zuten, egunero 20:00etan bilduko direla Gudarien plazan, atxilotuak inkomunikatuta dauzkaten bitartean.