Gaur arratsaldean jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia, eta Xabier Legarreta aranoarrak parte hartuko du bertan. Saioa arratsaldeko 17:30etan hasiko da Iruritako Gizarte Bilgunean. Legarretak lehenengo saioan erakutsi zuen maila erakusten badu, ez du urruti izango aurtengo finaleko pasea.
Xabier Legarreta ohiko finalista bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta azken bi edizioetan seigarren eta zazpigarren postuak lortu ditu. 2000 urtean lortu zuen posturik onena; txapeldunorde izan zen Amets Arzallusen atzetik. Hala ere, Legarretak askotan erakutsi du oso goian ibiltzeko maila daukala.
Gaur, Iñigo Olaetxea eta Julen Zelaieta izango ditu seguru asko aurkari zailenak Xabier Legarretak. Olaetxea iazko finalean Legarretaren aurretik sailkatu zen eta aurtengo finalaurreko hauetarako txartela zuzenean eskuratu zuen. Julen Zelaietak orain dela bi urte txapela irabazi egin zuen eta ez da arerio erraza izango aranoarrarentzat. Iñaki Aleman, Iñigo Ibarra eta Miguel Mari Elosegi Luzek osatuko dute Iruritan arituko den bertsolari taldea.
Julio Soto finalean
Hiru finalerdi egingo dira guztira eta saio bakoitza irabazten dutenek lortuko dute finalean zuzenean egotea. Hauetaz gain, hiru saioetako bost puntuazio onenek ere Lesakako finalera sailkatzea lortuko dute. Lehenengo finalerdia aurreko asteburuan izan zen Etxarri Aranatzen, eta bertan Julio Soto gailendu zen.
Nafarroako txapelketa azken urteetan dominatu duen Xabier Silveirak aurten uko egin dio txapela defenditzeari, eta horren ondorioz, txapelaren lehia ireki egin da. Oraingoz, txapeldun izateko faborito nagusia Julio Soto dela dirudi, baina ikusiko da gainerakoak noraino iristeko gai diren.