2008a urte gogorra izan zen Realarentzat. Kirol arloan gauzak ez zihoazen nahi bezain ondo eta arlo ekonomikoan egoera oso larria zen. Kluba, Hartzekodunen Konkurtsoan sartu zen eta taldearen inguruan sortu zen giroa oso liskartsua zen. Horri buelta emateko intentzioz, akziodunen talde batek aurrerapausoa egin zuen 2008ko abenduan, eta Realaren Administrazio Kontseilu berria osatu zuten. Akziodun horien artean zegoen Joseba Ibarburu.
Ibarburu Donostian jaio zen, baina 30 urtetik gora daramazki Hernanin bizitzen. Banketxe batean egiten du lana, eta Realean egiten duenarekin uztartu egiten du. Berak dioenaren arabera, Realean egiten duten lana oso intentsoa da, eta konpromiso haundia eskatzen duena. Ordu asko egin behar izaten dituzte, eta gainera Realean egin duten langile murrizketaren ondorioz, eguneroko lanean sortzen diren ´zulo asko tapatu behar izaten ditugu`.
Horixe da bere esanetan pasatu duten momentu txarrenetakoa. Gastuak asko murriztu behar izan zituen klubak eta horren ondorioz zenbait pertsonek kalera joan behar izan zuten. Ibarbururen esanetan jendea kalera bidali behar izatea «oso gogorra izan zen». Baina beharrezkoa zen bere esanetan Plan de Choque hori abiaraztea, Realak berriz ere norabide egokia hartu zezan. Gaur egun, Reala, pixkanaka-pixkanaka egoera ekonomiko larri horretatik ateratzen ari da, baina oraindik bide luzea dauka egiteko. Ibarbururen ustez, «kanpotik badirudi dena egina dagoela, baina oraindik zailena egin behar da: zorra ordaindu».
Orain arte egindako lanaz harro daudela dio Joseba Ibarburuk, baina lan hori oso intentsoa dela azpimarratzen du: «batzuetan badirudi urte asko pasa direla Administrazio Kontseiluan sartu ginenetik; beste batzuetan, berriz, egin beharreko gauza asko uzten dituzula dirudi, denbora di-da pasatzen delako». Ibarbururen ustez Realaren lehen taldearen martxa onak asko laguntzen du taldea estabilizatzeko lanean, baina hori ere egindako lan onaren eragina dela dio.
Harrobia da etorkizuna
Ibarburuk kirol arloan du ardura zuzena, zehazki, harrobiko futbolean. Kirol arloan aurten egindako lanarekin oso gustora dago, bai lehenengo taldean osatu duten plantillarekin, eta baita harrobian egiten ari diren lanarekin ere. Lehen aipatutako gastu murrizketa hori ere harrobiko futbolean nabaritu dute, eta beste urte batzuetan baino baliabide gutxiago dituzte.
Hala ere, oso harro agertzen da Ibarburu Zubietan elkartzea lortu duten profesional taldearekin. Zubietako harrobian oso maila altua dagoela dio, eta datozen urteetan, Realeko zaletuek «sorpresa bat baino gehiago» izango dituztela azpimarratzen du, bertatik aterako diren jokalari batzuekin.
Realeko kontseilariarentzat, oso argi dago klubaren etorkizuna Zubietan hasten dela. Harrobiko lanaren defendatzaile sutsu bezala definitzen du bere burua. Bere esanetan, talde konpetitibo bat izateko, Realak nahikoa izan beharko luke kanpotar gutxi batzuk fitxatuta, eta harrobiko armazoi on bat osatuta.
Realeko harrobiko taldeetan dauden hernaniarrez galdetu diogu, eta pare bat izen nabarmendu ditu Ibarburuk. Bata Iñigo Rodriguez, eta bestea Bingen Erdozia. Lehenengoa jubenilen lehen taldean dabil eta maila nahiko onean ari da. Erdozia berriz, Sansen jokatzen ari da, Realeko filialean. Infantil mailan ere pare bat hernaniar ari dira, baina horiek oraindik gazteak dira eta ikusi egin beharko da etorkizunean zer maila eman dezaketen.
Lehen, momentu txarrak aipatu ditugu, baina momentu onak ere izan dituzte agintaldi honetan. Bereziki gogoratzen ditu Joseba Ibarburuk lehenengo taldearekin egindako bidaiak, eta horietan lortutako garaipenak. Askotan joaten da bidaia horietara; gehienetan Realaren errepresentazio ofizialean. Gaur ere Reala ikustera joango da Huescaraino, baina oraingoan familiarekin egun on bat pasatzera, eta Reala animatzera soilik. Ez da Huescako Alcoraz futbol zelai txikian egongo den hernaniar bakarra izango. Izan ere, Portu auzotik antolatu duten autobusa ere Huescan izango da, eta beste modu batean desplazatuko diren hernaniar ugari ere hantxe izango dira, Aragoira joango diren milatik gora Realzaleren artean.
Hernanin zaletu asko
Izan ere, agerikoa da Gipuzkoa osoan zenbat zaletu dituen Realak, eta Ibarbururen ustez, Hernani ez da salbuespena. Ugari dira, igandero Anoetara bidea egiten dutenak edota kanpora bere taldea animatzera joaten diren hernaniarrak. Ibarbururen esanetan, aurten bereziki nabaritu dute jarraipen hori mendeurreneko ospakizunekin. «Herri askotatik pasa gara eta guztietan jende ugari bildu da ekitaldietan. Hori, Realak Gipuzkoa osoan duen babesaren adierazle da» kontseilariaren ustez.
Kirol arloko lanaz gain, arazo ekonomikoez edota Realaren barne egoerak sortu ditzakeen bestelako buruhausteez gain, Joseba Ibarburu, Realzale eta futbolzale amorratua da. Horren ondorioz, Realzale guztiek bezala, lehenengo taldeak lehenengo mailara itzultzeko txartela noiz lortuko duen zain dago. Berak esaten du lan ona egin dela klubean, baina ezin direla kirol emaitzak sekula zihurtatu. Orain arte Realak maila oso ona eman du ligan, azkenaldiko emaitzek zalantza batzuk sortu badituzte ere.
Beraz, ekainera arte itxaron beharko dugu Joseba Ibarburu eta bere kontseilukideek egindako lanak bere fruituak ematen dituen ikusteko, eta egiaztatzeko, Reala berriz ere datorren denboraldian lehenengo mailan ikusteko aukera izango dugun.