Hondakinen Ordenantza onartuta, zehaztuta daude arauak eta isunak

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 27a, 01:00

Atez Atekoa maiatzaren 9an jarriko da martxan Hernanin eta hori horrela, Udalak onartu berri du Hondakinen Ordenantza berria. Zehaztuta geratu dira arauak edo herritarren betebeharrak eta arau-hausteei dagozkien isunak ere bai. Horrez gain, Hondakinak biltzeko eta kudeatzeko enpresa publikoa sortu nahi du Udalak Usurbil eta Oiartzunekin batera, eta erabaki horri ere, lehendabiziko onarpena eman diote.

Maiatzaren 9rako, hau da, Atez Ateko hondakin bilketa sistema martxan jartzen denerako, guztia prest izateko, Udala ari da zenbait erabaki hartzen. Esaterako, joan den asteartean egin zen Ple­noan, Hondakinen Orde­nan­tza berria onartu zen, eta ha­la, zehaztuta geratu dira Atez Ateko sistemaren arauak zein diren, eta herritarrek zein betebehar izango dituzten; eta arau horiek edo betebehar horiek bete ezean, isunak zenbatekoak izango diren. Arau-hausteak hiru mo­tata­koak izango dira: oso la­rriak, larriak eta arinak. Mota bakoitzaren arabera, isunak izan daitezke 60 eurotik hasita, 30.050 euro bitartekoak. Ezker Batuak eta Gobernu Taldeak alde eta gainerakoek kontra bozkatuta onartu zen Ordenantza berria.


Zaborrak biltzeko enpresa publikoa sortzea

Udalak, hondakinei dagokienez, beste erabaki bat ere ba­darabilki eskuartean; hondakinak biltzeko eta kudea­tzeko enpresa publikoa sor­tzea, hain zuzen ere. Erabaki horri, lehendabiziko onarpena eman zitzaion astearteko plenoan, Gobernu Taldeak eta Ezker Batuak alde bozkatuta eta gainerako alderdiek kontra. Enpresa publiko hori sor­tzeak esan nahi du, Udalak beregain hartuko lukeela hondakinak biltzeko eta tratatzeko eskumena. Orain arte eskumen hori San Markoseko Mankomunitatea­ri delegatu izan zaio eta bertako enpresa ezberdinak arduratu dira zabor bilketaz eta gestioaz. Orain, Hernanik bere hondakinak zuzenean kudeatuko lituzke enpresa publiko horren bidez. Enpresa hori Oiartzun eta Usurbilekin sortuko litzateke eta bakoitzak bere partea izango luke. Herna­nik %49 izango luke. Dena dela, San Markosen esku jarraituko lukete honako hiri-hondakinen bilketa, ku­de­a­keta eta tratamenduek: beira, oihala, etxeko hondakin arriskutsuak, pilak, egurra eta etxetresna elelktriko guztiak. Eta baita errefusaren (azken kondarren) tratamenduak ere. Horrez gain, tamaina haun­diko tratamendua Gar­bi­gu­neen bidez egingo litzateke. Aipaturiko egitasmoa jendaurrean ikusgai dago eta partikular eta entitateek aukera dute nahi dituzten oharrak egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!