Joan den astearteko Plenoan 21 gai landu zituzten eta hondakinei buruzko erabakiez gain, beste hainbat kontu ere onartu zituzten. Aipagarrienak honakoak: Hernaniko Hirigune Historikoa berritzeko lurrak eskuratzea, Berdintasun Planaren bigarren zatia martxan jartzea, eta Udal Kirol Patronatua Batzorde izatera pasatzea.
Hirigune Historikoa
berritzeko lurrak eskuratzea
Udalak, Hirigune Historikoa berritzeko lurrak eskuratzeari buruzko hirigintza hitzarmen bat onartu zuen Plenoan. Zehazki esan nahi du, Lizeaga kaleko 3garren zenbakiko lursailak pribatu izateari utzi, eta Udalak bere egingo dituela, bertako zubia, hau da, Leokako zubia, babestu eta jendearen bistara mantentzeko.
Udalak ez du nahi lurzoru horretan berriro eraikinik egitea eta bertan parke publiko bat egiteko asmoa du. Hala, jabeekin hitzarmen batera heldu da eta Lurzoru hori Udalaren eskuetan geratuko da. Hirigintza hitzarmena onartu zen Ezker Batuak eta Gobernu Taldeak alde bozkatuta eta gainerakoek kontra.
Lizeaga kaleko 3garren zenbakian, Leokako etxea izenez ezagutua zena, egoera oso txarrean zegoela eta, jabeek bota egin behar izan zuten 2008ko abenduaren 15ean. Etxea botatzearekin, bistan geratu zen bertako zubiko zatirik haundiena. Hiru arku ikusi daitezke. Zubi hori XVIIIgarren mendean eraiki zen Camino Realen zati gisa.
Berdintasun Plana aho batez
Aho batez, berriz, Udaleko Berdintasun Sailak bultzatutako bigarren Berdintasun Plana onartu zen. Berdintasun sailaren arabera, Plan hori tresna bat da Hernaniko Emakume eta Gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko. Plana eraginkorra izateko eta helburuak zehazteko, udaleko teknikariek eta udalerriko elkarte nagusiek parte hartu dute Plana osatzeko prozesuan.
Aurreko plana urtebete inguruan izan da martxan eta indarrean sartuko den oraingoa 4 urtetarako izango da. Berdintasun sailetik azaldu dutenez, oraingo hau lehenengoa baino zehatzagoa da.
Planean finkatu dituzten helburuak bost dira: Udaleko zerbitzu eta arlo ezberdinetan genero ikuspegia txertatzeko oinarrizko egiturak sortzea; Hernaniko emakumeek beraien garapen pertsonal eta sozialerako baliabideak izan ditzatela bermatzea; lana, bizitza familiarra eta pertsonala uztartzeko erraztasunak ematea, horretarako baliabideak eskainiz; emakumeen aurkako indarkeria gutxitzea eta biktimen arreta hobetzea; eta berdintasuna lortzeko lanean, gizonek ere parte hartzea eta gizonezkoa izatearekin zerikusia duten gaiak lantzea.
Kirol Patronatua Batzorde
Hernaniko Udal Kirol Patronatuari dagokionez, nolabaiteko ‘autonomia’ galduko du eta udaleko beste batzorde bat gehiago izatera pasako da, uztailaren 1etik aurrera. Arrazoia izan da, hasieran zehaztu ziren helburuak ez direla bete, Udalaren esanetan.
Beste hainbat gai
Diru kontuak eta tasak ere izan zituzten aztergai: alde batetik zerbitzu publikoei dagokienez, eta bestetik, telefono mugikorrei dagokienez. Azken kasu horretan onartu zen Udalak duela ahalmena telefonia enpresei tasak ezartzeko, Udalarena den eremu publikoa aprobetxatzeagatik.
Bi adierazpen ere onartu ziren aho batez: martxoak 8, emakumeen nazioarteko egunekoa, eta martxoak 21, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako egunekoa.
Horrez gain, jakinarazi zuten Kirol Patronatuko Lehendakaritzan orain Joan Carlos Plazaola egongo dela Izaskun Txintxurretaren ordez, eta Ongintzan, Usoa Barrutiabengoa J. Ignacio Arrietaren ordez.