Erzilla: «Erabakia hartua dago; Galarreta itxi egingo da martxo bukaeran»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 24a, 01:00

Martxoaren 31n bukatu egingo dira erremonte partiduak. Batez ere, azkeneko bi urtetan diru sarrerak jaitsi egin dira; apustuek behera egin dute eta sarrerak ere jaitsi egin dira, %10 inguru.

Galarretak ateak itxiko ditu martxoaren 31n. Hori jakinarazi zuten atzo, pren­tsaurrean, Juan Antonio Er­zi­llak eta Miguel Puer­tasek, en­presako gerenteak eta ad­mi­nistrazio kontseiluko le­hen­dakariak. Galarreta S.L. en­presak daramazki Herna­niko Galarreta eta Huarteko Euskal Jai frontoiak, eta guztira, erremontista eta langile, 50 pertsonei eragingo dien erabakia da.

Diru sarrera berririk ez
Diru sarrera nagusiek behera egin dutelako hartu dute erabakia, batez ere, Miguel Puer­tasek atzo esan zuenez: «Apustuek behera egin dute, eta sarrerak ere jaitsi egin dira. Azken 5-6 urteetan joe­ra hori ikusi dugu, baina ba­tez ere, azken bi ur­teetan nabaritu dugu jaitsiera». Di­ru sarrera berriak bilatu behar direla nabarmendu zuten, eta horretarako ikuspuntu berriak behar direla, «ideia berritzaileak».

«Orain dela 40 urte
erremontea bukatua zegoen»

Juan Antonio Erzilla gerenteak adierazi zuenez, ideia be­rritzaileak behar ditu erremonteak. «Gure enpresa orain dela 40 urte sortu zen. Or­duan erremontea bukatua zegoen; erremontistek ez zu­ten lanik. Guk ilusioz heldu genion; frontoi berria egin genuen, eta proiektua aurrera atera genuen. Gaur ideia berriak falta dira. Agian, eboluzionatzen ez dugu asmatu».

Enpresa egoera onean
Erzillak esan zuen, enpresa egoera onean utzi dutela. «En­presak zorrik ez dauka; frontoia egoera onean dago, eta plantilla inoiz baino gazteagoa da. Bide berri batzuk ireki ditugu, eta hor gehiago sakondu beharko da: esponsorizazioak, frontoi txikietako jaialdiak, telebista...».

Enpresa berriei deia
Erzillak azaldu zuen, ateak za­balik dituztela enpresa be­rrientzat. «Guk bukatu du­gu gurea; zikloa bukatu dugu. Baina margena utzi nahi izan dugu, hilabete eta er­dikoa, proiektuari heldu nahi dion guztiarentzat. La­gun­tzeko prest gaude, eta gu­re ilusiorik haundiena li­tzateke, Galarreta berriz indartsu ikustea, ahalik eta denbora motzenean».

«Uste dut erremontea ez dela hemen bukatuko»
Bi arduradunek azaldu zu­ten, gogoa eta ilusioa badagoela Galarretan, eta espero dutela, enpresaren batek proiek­tuari heltzea. «Erre­montea ez da hemen bukatuko. Ilusioa su­matzen da. La­run­batean, erremontistek se­kulako estelarra jokatu zuten, eta publikoak aspaldiko obazio haundiena egin zien; denoi egin zigutela uste dut. Berezia izan zen». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!