Juantxo Lopez de Uralde Greenpeaceko Espainiako burua izan zen atzo Usurbilen, eta babes osoa azaldu zien Atez Atekoari, eta Usurbilen eta Hernanin egiten ari diren esperientziei. Ricardo Ortega, San Markos Mankomunitateko Presidentea ere bertan izan zen, eta Usurbil eta Hernaniko Alkateak ere bai. Usurbilen Atez Atekoari buruzko erreferenduma hurbiltzen ari da, eta bertako Udalak talde askoren babesa jaso du. Greenpeace talde ekologistaren babesa jaso zuen atzo, eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea ere bertan izan zen, Greenpeace bezalako talde ekologista ospetsuak Atez Ateko sistemaren inguruan zer nolakoa iritzia zuen ezagutzeko. Usurbilen zaborrak nola jasotzen dituzten erakutsi zieten gonbidatuei eta komunikabideei. Uralde zaborren kudeaketa sistematan da aditua, eta bere esanetan, Usurbilgo Atez Ateko sistema berritzailea da, eta egokia. Bereziki, Usurbilen lortu diren birziklatze datuak goraipatu zituen, (%82 birziklatzera iritsi direla azaldu zuten atzo). Sistema hori Hernani bezalako beste herri handiagoetan egiteko aukeraz galdetuta, gauzarik garrantzitsuena borondatea dela esan zuen. Horrez gain, adierazi zuen, borondatea izanez gero, Gipuzkoa osora zabaldu litekeela Atez Atekoa. Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkateak berriz ere azaldu zuen Hernaniko Udalak Atez Atekoaren alde egiten duela apustu. Bere esanetan, Greenpeacen bisitak erakusten du, Atez Atekoaren eztabaida parametro politikoetatik kanpora eraman behar dela, eta ingurumenerako zer den ona eta zer den txarra dela eztabaidatu beharrekoa. Azkenik, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo Alkateak adierazi zuen, Usurbilgo herriak erakutsi duela zaborraren arazoak baduela beste irtenbide posible bat. Uraldek bezala, Errekondok ere adierazi zuen, Atez Atekoa Gipuzkoa osora hedatzeko moduko sistema dela.