Iñaki Arratibel Hamaikabat alderdiko zinegotziak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, alegazioak aurkeztu ditu Gobernu Taldearen Mugikortasun Planaren aurka. Bertan azaltzen du aurka dagoela Karabeleko zubia izatea Hernani ekialdetik datozen ibilgailuen sarrera nagusia. Hala azaldu du: «Orbegozoko zubia itxi eta herrirako sarrera Karabeleko zubira desbideratzeak, Karabel auzoan ibilgailu gehiegi pasatzea eragingo du. Desbideraketa honek gainera, trafikoa dexente igotzea ere eragingo du Portu auzoan eta Leokako igoeran».
«Egokiena: sarrera eta irteerak dibertsifikatzea»
Arratibelek bere ustez egokiena litzatekeena ere azaldu du: «egokiena herrirako sarrera eta irteerak dibertsifikatzea litzateke, eta Mugikortasun Plana alderantzizko bidean doa. Orbegozo zubiko sarrera kentzea proposatzen da, baina baita ere Lizeaga kaleko irteera kentzea. Lizeagatik Zirkuituko karreterarako irteera ixteak eta Orbegozo zubiko sarrera kentzeak, bakarrik eragingo du ibilgailu gehiago ibiltzea herri-guneetan».
«Zentzugabekeria»
Arratibelek honakoa gaineratu du: «dirudienez, Mugikortasun Planak ez ditu mugikortasun jasangarriaren gomendioak kontuan hartzen. La-tsunbeko bidea bi norabidetan irekitzeko asmoa dago, eta azterketak berak azaltzen du periferia 10 minutu eskasera dagoela zentrutik oinez. Zentzugabekeria da ibilgailuen erabilera bultzatzea, ibilgailuei oztopoak jarri nahi zaizkienean herri barruko ibilbideetan». «Beldur gara ez ote dion proposamen honek hirigintza sailari obeditzen mugikortasunaren azterketari beharrean», aipatu du.
Herri-guneari dagokionean, zalantzak azaldu ditu Izpizua eta Nafar kalea oinezkoentzako jartzeari buruz. Bere ustetan, egokiagoa da eztabaidarako oinarri bezala hartzea, LEBERek 2004an mugikortasunari buruz egindako azterketa.