Txantxillako lanak direla eta, Txantxillako aparkalekua guztiz desagertzear da eta itxi aurretik, ordezkatuko duen aparkalekua eginarazi du Udalak Karabelen. Erabiltzeko moduan da atzotik. Honen guztiaren berri eman du Marian Beitialarrangoitia alkateak prentsa ohar bidez. Azaldu du: «gauza jakina da Txantxillako aparkalekua jende askok erabiltzen duela eta erabiltzaile horiek asko nabaritu dituztela murrizketak bertan egin behar diren etxeen eraikuntza lanen eraginez. Lan horiek beste pauso bat emango dute aurki, eta sarbide berria izango diren errotonda eta errepidea egiteko beharrezkoa da aparkalekua guztiz kentzea».
Sandiusterrikoa egin bitartean
Beitialarrangoitiak azaldutakoaren arabera, Txantxillako lanek aurreikusten dute, behin lanak amaituta, Sandiusterriko kalea, gaur egungo Axalako sarrera, itxi egingo dela eta bertan aparkalekuak jarriko direla, irteerarik izango ez duen kale itxi bat eginez. «Hori ezin da egin aurrez errepide eta sarbide berria antolatu gabe, hortaz, hilabetetan inguruko aparkaleku guztien faltan izango ginateke».
Eta hori horrela, honakoa proposatu dute: «Txantxillako lanak egiten ari direnei ordezko aparkalekua eginarazi diegu Karabelen, Txantxillakoa itxi aurretik. Pentsatzen dugu igogailuak bertan kotxea utziko dutenei gauzak asko erraztuko dizkiela eta honi esker, ez dagoela erdigunea Txantxillatik baino urrutiago; hortaz, ordezko toki egokia jo dugu». Txantxillan zeuden 131 aparkalekuak orain Karabelen izango dira probisionalki, eta horietatik 3, elbarrituentzat. Sarbidea zubi ingurutik du eta ateratzeko tokia trenbide aldetik.
«Zubipe parean bada beste bat»
Alkateak gogorarazi die aparkaleku beharrean direnei, Zubipe parean, Gureola inguruan, badela beste aparkaleku bat. «44 kotxerentzako lekua dago eta ondoan, beste 37rentzat tokia dago. 81 aparkaleku daude zonalde berean, oso gutxi erabiltzen direnak, nahiz eta igogailutik 3 minutura egon».