Egunkaria libre! oihukatu zuten atzo zazpigarren urtez

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 21a, 01:00

Atzo bete ziren zazpi urte Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela. Hamar lagun atxilotu zituzten, eta horietako bost auzipetuta daude; momentu honetan epaiaren zain. Hori horrela, Egunkariaren aldeko Eguna izan zen atzo Euskal Herriko hainbat herritan; Hernanin ere bai. Dultzainero eta Kalez Kale Kantarikoekin hasi zen giroa berotzen goizetik, eta ondoren, sagardoa eta mokadu goxoak probatzeko aukera izan zen Plaza Berrin. Trikitixa, dantza eta bertsoak ere ez ziren falta izan. Martxelo Otamendi, auzipetuetako bat, bertan izan zen eta epaiketari buruz esan zuen hainbeste urte eta gero, ez dutela ezer frogatu, ez dagoelako ezer frogatzeko. «Hori bazekiten aurretik, baina Euskal Herrirako abisua eman nahi zuten». Horrez gain, eskerrak eman zizkien denei sorreratik emandako laguntzagatik. Eta bitartean, ekitaldiari kolorea eman zieten umeek beren marrazkiekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!