«edozeri ateratzen diot argazkia, atentzioa pizten badit; edozein aitzakia izan liteke ona argazki baterako». Garbi dauka Marie Claire Adurizek, eta hala bizi du argazkigintza, hobbie bezala. Argazki mundua orain dela urte gutxi ezagutu zuen, alabari esker; alaba (Ainara Azpiazu), argazki irakaslea izana da Biterin.
Parisen jaioa da Aduriz; zazpi urterekin Donostiara etorria; eta urte asko daramazki Hernanin bizitzen. Emakume bizia da, «kuriositate eta idealismoz betea» bere esanetan. Argazkilaritza du afizio, eta baita itsasoa ere. Ez da aspertzen itsasoari begira; donostiar ona izaki.
«Detailea da bilatzen dudana, egunero ikusten dugun horren detaile bat»
Begi bistan dauden gauzei ateratzen dizkie argazkiak Adurizek; beti detaile edo ikuspegi berri bat bilatzeko asmoan. «Atentzioa pizten didate gauza askok; egunero hor daudenak, behin ezberdin ikusten dituzu, eta argazkia ateratzen diezu». Etxe aurreko Gingko Biloba ezagunari ateratako argazkia du gustukoena. «Izugarria da zuhaitz hori; udazkenean batik bat. Egunero ikusten dut, eta istorioak asmatzen ditut: zeinek ekarri ote zuen, zertarako...».
«Natura, animaliak... eta begiradak gustatzen zaizkit»
«Badut natura eta animaliekiko halako miresmen bat. Txakurrak, hain dira leialak zintzoak... Eta begiradak ere txoratu egiten naute. Atzean izan dezaketen historia; historia gogorra askotan».
Martxoaren 3ra arte dago ikusgai, 18:00etatik 20:00etara, argazki erakusketa, Marie Claire Adurizen lehendabizikoa, eta ziur aski azkena izango ez dena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!