«Olinpiaden helburua lehengo bera da, koadrilak elkartzea eta herrian saltsa sortzea»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 21a, 01:00

HERNANIKO lehendabiziko olinpiadak 1986an izan ziren, eta geroztik 1987-88an ere egin ziren. Sona haundia izan zu­ten, bai Hernanin eta bai Her­na­nitik kanpora. Asko dira olin­piada haiek gogoan dituztenak; taldeen izenak ezagunak dira oraindik: Des­ca­pota­bles, La pantoja ya no moja, Costi­llada en Oklahoma, Astaputzak... Herna­nin egin zen lehenengoz eta gero Andoainen eta Hon­da­rribian ere egin ziren gehiago. Geroztik, Hernanin beste bi olinpiada egin ziren, 1998an, eta 2000 urtean, eta haietan ere parte hartzea izugarria izan zen. Orain, berriz ere, lehengo helburu eta as­mo berdinekin, Gazte Asan­bla­dak olinpiadak antolatu ditu; eta itxura denez, arrakasta izango dute, lehen­da­biziko bi­leran 90 lagun bildu baitira, 20 koadrilatakoak. Olinpiadak 4 asteburutan jokatuko dira, apirileko azken asteburuan hasita. Ize­na emateko epea datorren os­tiralean irekiko da. Kronikak hitz egin du, au­rreko olinpiadak antola­tzen ibili zirenekin eta orain ari di­renekin. Car­monak, Villa­rrek, eta Barre­ne­txeak oso garbi dute, helburua beti berdina izan dela: herriko jendea elkartzea eta saltsa sortzea. «Olinpiada historikoak» Carmona aritu zen lehendabiziko olinpiada haiek antola­tzen, beste jende askorekin ba­tean: Rekalde, Erdozia, Mon­tero... 22-23 koadrila aritu ziren lehian, 400 bat pertsona, 90 egunetan. Astean eta asteburuan jokatu ziren olinpiadak. Koa­drila bakoitzak froga bat antolatu zuen, eta denetik izan zen: pelota, futbola, errugbia... atletismoa, boleibola, bizikleta... eta ez hain ofizialak ere bai: labandera, brile, kontrabandista jokoa... edo txapela jaurtiketa, marrazkia, gaueko patin lasterketa... Hernanitik kanpoko koadrilek ere parte hartu omen zuten olinpiada haietan, eta ondoren beste herri batzuek ere egin zituzten: Andoainek eta Hondarribiak, esaterako. Carmonak gogoan du zergatik eta zertarako sortu ziren lehendabiziko olinpiada haiek. «Hernanin ez zegoen mugimendurik. Koadrilek ez zuten elkarrekin harremanik, eta falta zena hori zen, kontaktu pixka bat». «Hiru helburu genituen batik bat: organiza­tzen ikastea; lehiakortasuna erabiltzea saltsa pixka bat sor­tzeko, eta denen parte hartzea bultzatzea: gizon-emakumeak elkarrekin lehian aritzea...». Generazio berriak, helburu berdinak Geroztik, eta lehendabiziko haiek gogoan hartuta, 1998 eta 2000 urteetan egin ziren olinpiadak. Hernaniko Gazte Asan­bladak antolatu zituen, helburu berdinarekin, eta mu­gimendu tankerakoa izan zen herrian. Villarrek gogoan du, 20 talde inguruk parte hartu zutela; guztira 300-400 pertsona inguruk. «Helbu­ruak berdinak ziren, eta fun­tzio­na­men­dua ere bai, eta emaitza ere halakoxea izan zen». Barrenetxea da aurtengo olinpiadak antolatzen ari de­ne­tako bat, eta bere esanetan, aurten ere parte hartze haundia espero da. «Lehen­da­bi­zi­ko bileran 90 lagun bildu gara, 20 bat koadrilatakoak, eta dagoeneko ikusi liteke, saltsa dezentea izango dela». Parte hartu nahi duten koadrilek aukera izango dute datorren ostiraletik aurrera izena emateko. 10 lagunetik gora behar dira, eta taldeak mixtoak izango dira. Hortik aurrerakoa bileretan erabakiko da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!