«Lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera, irtenbidea baino gehiago, laguntza haundia izan da»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 20a, 01:00

Zenbat denbora falta zaizu zure etxe
berrira bizitzera joateko?

Hiru hilabete asko jota. Arazo batzuk izan ziren eta gutxi gorabehera obrari hiru hilabete falta zaizkio. Edo gu­txienez hori espero dut, ze epe horretarako geratzen zait obra baimena. Kontua da baimena ematen dizutenetik urtebete duzula bertan bizi­tzen jartzeko eta erabilera baimena alda­tzeko; eta nik, luzapena eskatu behar izan nuen. Baina azkenean, bai, hiru hilabete, San Joanetako han bizitzen egon nahiko nuke asko jota eta lehenago bada hobeto.
Prozesua oso luzea da?
Prozesua luzea baino luzeagoa egiten da. Gainera ordenantzaren kontuarekin luzeago oraindik, zeren tartean atzerapen asko egon dira, aurreproiektu asko, emendakinak, gobernu aldaketa... eta azkenean oso luze joan da. 2008an onartu zen araudia baina nik baimena lehengo urteko uztailean lortu nuen, eta udara eta gremio ba­tzuekin arazoak tarteko, luzatzen ari da. Baina luzeago egin zitzaidan niri ordenantza aprobatu zen arteko denbora, nik lokala orain dela hiru urte erosi nuelako eta araudia aprobatu zen arte denbora asko pasa zelako.
Merkeago ateratzen da lokal bat
etxebizitza izatera moldatzea, zuzenean etxebizitza bat erostea baino?

Printzipioz bai. Egia da azken urtean edo urte  eta erdian etxebizitzen kontua asko jaitsi dela eta ni kontu honekin hasi nintzenean baino diferentzia txikiagoa dela. Hala ere, nire lokalak dituen metroak dituen pisuak asko balio du oraindik. Nik hasiera batean kalkulatu nuen 60 mila edo 80 mila euro aurreztu zitezkeela lokalarekin, baina orain prezioak jaitsi diren honetan, egia esanda, ez dakit zenbat aurreztuko dudan.
Zer abantaila edo desabantaila ditu lokal batera bizitzera joateak?

Egia esan, oraindik ez dakit. Agian aurkitzen diodan abantailarik handiena nere etxebizitza propioa izatea da. Eta gero pisu batekin alderatuta egon daitezkeen desabantailak, agian,  altuera kontuak izan daitezke edo kalean bertan izatea etxea. Baina egia esan ez dakit, oraindik ez nagoenez bertan bizitzen...
Ezagutzen duzu norbait jadanik lokal batean bizitzen ari dena?
Lokal batean legez bizi dena ez, baina ordenantza aprobatu aurretik lokal batean bizi zenik ezagutzen dut, hau da, baimenik ez zuena. Beste herri batzuetan lokaletan bizi direnak ezagutzen ditut, eta gustura daudela esango nuke. Gutxienez bizitzeko toki bat dute.
Zure betirako etxebizitza izango dela uste duzu edo irtenbide probisional bat da?
Printzipioz uste dut betirako izango dela baina auskalo. Suposatzen dut bertan bizitzen gustura egongo naizela eta printzipioz nire etxea izango da. Hortik mugitzeko intentziorik ez dut, puska batean behintzat.
Etxebizitzaren arazoarentzat irtenbideetako bat izan daitekeela uste duzu?
Nire kasuan laguntza bat izan da. Baina lokal bat etxebizitza bihurtzeak ere diru asko suposatzen du. Has­te­ko, lokala erosi behar da. Gero Uda­laren kargak, arkitektoa, teknikariak, baimenak eta abar ordaindu behar dira... diru asko xahutzen duzu adreilu bat bera ere jarri aurretik. Eta pentsatzen duzu, «oraindik obra guztia falta da!». Egia esanda, diru asko joaten da, baina esaten dutenez, inguruko herrietan baino merkeago atera­tzen da Hernanin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!