Gipuzkoako hainbat herritan bezala, Hernanin hirugarren sektoreko erabilerarako aurreikusita zeuden hainbat lokalen aprobetxamendu eskasak, eta hauek bestelako funtzioetara bideratzea ezinbestekotzat ikusi zen. Lurralde osoan bezala etxebizitzaren arazoari bestelako irtenbidea emateko aukera paregabea izan zitekeen eta horretarako 2008an lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza aprobatu zen plenoan.
Marian Beitialarrangoitia alkateak adierazitakoaren arabera aurreko udal korporazioa hasi zen arlo honetan lanean, baina ez zuen ezer konkreturik lortu. Konkrezio eza honen ondorioz herrian egoera berezi bat eman zen, non zenbait jabe lokalekin espekulatzen hasi ziren edota bestelako etxebizitza lortzeko errekurtsorik gabeko pertsonak lokalak egokitzen hasi ziren etorkizunean etorri zitekeen araudi baten esperoan. Horregatik, bere esanetan, gobernu talde hau sartu zenean lehentasuna eman zitzaion gai honi araudi berriak egoera berezi hauekin buka zezan.
Ordenantza honen bidez sortu diren etxebizitza guztiak Udal Etxebizitza Tasatuen erregimenera atxikiak gelditu dira, hau da, babes publikoko etxebizitzaren estatusa dute. Honen bidez gehienezko prezio bat ezarria daukate espekulazio egoerei muga bat jartzeko intentzioaz. Hau zen ordenantzaren helburuetako bat, eraikita dauden eta erabilerarik ez duten espazio horiei aprobetxamendua bilatzeaz aparte.
Gaur egunean, hogei bat lokal daude Hernanin etxebizitza bihurtzeko eskubidea eskuratu dutenak. Gehienak oraindik etxebizitza izatera egokitzeko obretan ari dira baina gutxi batzuetan jendea bertan bizi da dagoeneko. Udaletxea halere, konsziente da badaudela ordenantza aprobatu aurretik egokitu ziren lokalak, hau da, ilegalki etxebizitza bezala egokitu ziren lokalak. Udaletxearen arabera, tranpa egin dutenak ordaina jaso beharko dute gauzak gaizki egiteagatik, baina araudia bete ezkero, ez zaie galaraziko beraien etxebizitza erregularizatzen.
Udalarentzat araudi honek zer nolako eragina izan duen Hernanin ikusi ahal izateko goiz da oraindik. Batetik, krisiak merkatu inmobiliarioan izan duen inpaktuak merkatu hau asko moteltzea ekarri duelako. Beste alde batetik, araudiaren arabera lokalak egokitu ahal izateko, bere jarduera komertziala eten zutenetik lau urte igaro behar direlako eta lokal askok oraindik ez dutelako baldintza hori betetzen.
Lokal komertzial bati etxebizitza erabilera eman aurretik ordenantzak zenbait baldintza jartzen ditu. Hernaniko zenbait eremuetan egokitze hau ezin da egin, gehien bat Alde Zaharrean eta honen inguruko auzoetan, (ikusi ondoko koadroa). Helburua, Alde Zaharrean eta inguruko zabalgunean dauden merkataritza eta hirugarren sektoreko jarduerak babestea da.
Bestalde, lehen aipatutako lau urteko eten komertzialaren baldintza ere garrantzitsua da. Honen bidez, erdigunean bezala, auzoetako bizitza komertziala babestu nahi da, udaletxeak inolaz ere ez duelako nahi komertzioak auzoetatik desagertzea etxebizitzei tokia egiteko. Bestelako baldintzak, bizigarritasun baldintzei edota sarbideen eta baldintza estetikoei egiten diete erreferentzia.
Beraz, epe luzean aztertu beharko da araudi hau etxebizitzaren arazoentzako irtenbideetako bat izango den ala ez. Udalaren iritziz irtenbide bat baino alternatiba bat izango da etorkizunari begira. Beraien ustez, garrantzitsuena da, etxebizitza propio bat edukitzeko aukerak zabaltzea, eta araudi honen bidez aukera horiek zabaltzeaz gain, lokal batera bizitzera joan nahi duenak argi dauka zer nolako pausuak eman behar dituen lokal hori egokitzeko.
Hernaniko eremu hauetan, lokal
komertzialak ezin dira etxebizitza bihurtu:
• Agustindarren plaza.
• Antziola auzoa (1etik 30era)
• Biteri kalea. • Elkano kalea.
• Felipe Sagarna, Zapa, kalea.
• Gudarien plaza.
• Izpizua kalea.
• Kale Nagusia.
• Kardaberaz kalea.
• Karobieta auzoa (1, 1A, 2).
• Latsunbe auzoa.
• Lizeaga kalea.
• Marieluts auzoa.
• Montebideo kalea.
• Nafar kalea.
• Oarso kalea (2, 4 eta 6 sarrera Elkano kalera ematen dutenak).
• Orkolaga kalea 2, 2A, 4, 15*, 17 *, 19* eta 20* (* sarrera Latsunbe aldera dutenak).
• Perkaiztegi kalea.
• Txirrita kalea.
• Urbieta kalea.
• Latsunbeberri auzoa (1, 11, 12, 19, 20, 27,28, 35, 36, 37, 38).