«Atez Atekoan beste pauso bat: ‘enpresa publikoa’»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 20a, 01:00

Jose Ramon Chica PSE-EE alderdiko bozeramaileak prentsa ohar bidez azaldu du, Udala beste pauso bat ematera doala Atez Ate­koa­ri dagokionez, «orain hon­da­kin bilketaren gestioaz arduratuko den enpresa bat sortu nahi du eta her­naniarren diruarekin erosi­ta­ko materialak emango zaiz­kio. Gainera, milioi bat euro gehiago eman beharko zaizkio diru-sarrera eta aurreikusitako gastuen arteko defizita kubritzeko». Enpresa horren harira zen­bait zalantza azaldu ditu. Langile kopuruari dagokionez, hala azaldu du: «Usurbilen eta Hernanin bilketarako 14 pertsona jartzea proposatzen da. Usurbilen egun, 6 pertsona aritzen badira, Hernanik bost aldiz biztanle gehiago baditu, eta 8 pertsona gehiago bakarrik hartu nahi badira, hori kontuan izanda, datuek ez diete beharrei erantzuten». Azaldu duenez, enpresa publiko bat sortu nahi dute Usurbilekin eta Oiartzune­kin batera eta gaineratu du proposatutako enpresa pu­bliko horren aurrekontuetan ez direla inondik ageri lan­­-g­ileen oporrak, atsedenak, bajak... Dena dela, dio, «bi­txie­na» honakoa dela: «nola aukeratuko dira enpresako langileak? Denek izango dute aukera bera? Ziurrenik ´ingurumenaren alde` me­ri­tuak egin dituztenek izan­go dute aukera». Eta gaine­ratu du: «jakin dezatela hernaniarrek sortuko duten ´enpresa publiko` horrek izango duen kostuaz gain, Udalak dagoeneko 700.000 euroko gastua duela mate­rialagatik».

«Isunak eta kontrola»
Atez Atekoa orokorrean hartuta, honakoa azaldu du Chicak: «maiatzaren 9tik aurre­ra inposatu egingo digute eta birziklatzera behartuko gaituzte isunen bidez. Gaine­ra, izenda­tzen den langileak ´ins­pek­tore` papera hartuko du eta aukera izango du gure basura kontrola­tzeko eta herritarrok intimi­ta­tera­ko dugun eskubidea urratzeko». «Gainera ez digute esaten zer egingo dugun birziklatu ezin diren hondakinenkin».

Sinadura bilketari babesa
Atez Atekoa martxan jarri aurretik herrian galdeketa egiteko eskatuz, egiten ari diren firma bilketari erre­ferentzia eginda, «duda­rik gabe» babesa ematen dio­­tela azaldu du Udala­ren «burugabekeria» ho­rren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!