Aastelehenean Hernanin eta Seguran lau pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak; horietatik hiru hernaniarrak (Juan Mari Maizkurrena, Josune Balda eta Jesus Camacho). Atzo pasa ziren laurak (Euri Albizu segurarra tartean) epailearen aurretik, inkomunikatuta, eta laurak atxilotzeko agindua eman zuen Ismael Moreno epaileak. AAMk jakitera eman zuenez, Camacho ospitalera eraman zuten atzo eta epailea bertara joan zen deklarazioa hartzera. Camachok, ordea, ez zuen deklaratu. Albizu segurarrak ere ez.
Soto del Realen espetxeratuta
Fiskalak laurak espetxeratzeko eskaera egin zuen ETAri laguntzea leporatuta, eta epaileak berehalako espetxeratzea agindu zuen. Soto del Realen daude hirurak. Camachok ospitalean jarraitzen du. Senideek ez dute oraindik beraien berririk izateko aukerarik izan.
Manifestazio jendetsua
Astelehenetik egunero egin bezala, atzo ere manifestazioa egin zen Hernanin. Atxilotuei, beraien familiei eta lagunei elkartasuna adierazi zieten atzo egin zen manifestazio jendetsuan.