Hernanik gaur jokatuko ditu Berria Txapelketako lehenengo partiduak. Final zortzirenetan izango da eta aurrez aurre izango dute Leitzako Aurrera taldea. Talde indartsua. Gainera, aurtengo Txapelketa irabaztea dute helburu leitzarrek eta norgehiagoka zaila espero da. Gaueko 21:00etan hasiko dira partiduak, Hernaniko kiroldegiko frontoian.
Kadeteetan aukerak
Jokatuko den lehenengo partidua kadeteena izango da. Iñigo Urkizu eta Aritz Murgiondo lehiatuko dira Olano eta Hernandorenaren aurka. Ziurrenik Murgiondo atzelariak dominatuko du peloteoan eta aukerak ikusten dira. Dena dela, kontu izan beharko da Olanorekin.
Pronostiko zaileko partidua jubenilena
Jubeniletan Xabi Santxo eta Markel Lizeaga neurtuko dira Jaunarena anaiekin eta pronostiko zaileko partidua espero da; izan ere, Jaunarena anaietan zaharrena, jubeniletako pelotaririk onena da. Dena dela, hernaniarrak momentu onean daude, Gipuzkoako azpitxapeldunak dira eta oraindik ez dago ezer erabakita.
Edozer pasa liteke
seniorretan
Seniorretan Iñaki Esnal eta Aitor Gorrotxategik jokatuko dute Esain eta Iriarteren aurka. Esain profesional ohiak eta Iriartek bikote ona osatzen dute, baina gure jokalariak ere ez dira edozein. Esnal, urtebete lesio artean ibili ondoren, indartsu dago eta Gorrotxategirekin, maila honetako atzelaririk onenetakoarekin, erantzun ona emango diete nafarrei. Gaur ikuskizuna ziurtatua dago.