Aurten Hernani Musika Eskola Publikoaren 25. urteurrena da, eta hori horrela, Musika Bandak kontzertu berezi bat prestatu du eskolako talde eta ikasleekin batera. Roberto Pacheco Musika Eskolako saxofoi irakasle eta zuzendariak Kronikari azaldu dionez, Musika Bandak urtero zuzendari bat gonbidatzen du bere kontzertura eta aurten, bera izan da gonbidatua. Pachecok Musika Eskolaren urteurrena gogoan, Hernasax taldeaz gain, Musika Eskola osoarekin zerbait berezia egitea proposatu zuen, eta horren emaitza izango da biharko kontzertua. Urtean zehar kontzertu gehiago ere izango dira urteurrena ospatzeko.
Kontzertuko partaideak
Kontzertuan parte hartuko dutenak honakoak izango dira: Hernaniko Musika Banda, Hernani Musika Eskolako Txistulari Taldea, Hernasax saxofoi taldea (20 bat lagun) eta lau gonbidatu (Satxa Soriazu: teklatua, David Soriazu: gitarra elektrikoa, Haritz Luzuriaga: baxu elektrikoa, Jorge Pacheco: bateria), eta Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleak. Eta horiek guztiak Zipri Otxandorena eta Roberto Pachecoren zuzendaritzapean izango dira.
Zortzi abesti
Eskainiko duten kontzertu berezian, 8 abesti joko dituzte; honakoa da egitaraua: Las Kermes de las Vistillas Jose Mª Martin Domingo; La Virgen de la Macarena (Tpta. Bakarlaria: Julio García Alonso. Herrikoia), moldaketa: Calvin Custer; Las Playas de Rio Kees Vlak; Two fat ladies Andy Scott; Lip Service Andy Scott; Sax Bomb Marcel Saurer; Take the ´a` train Billy Strayhorn; eta Araban zehar Kepa Mª Pinedo.