«Hondakinen arazoa atez ateko bilketarekin konpondu nahi izatea egia ezkutatzea da»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 18a, 01:00

«Berrerabili edo birziklatu ezin ditugun hondakinak sortzen ditugu», azaldu dute EAJ-PNV eta Hamaikabat alderdiek.

Joan den astean, Ezker Abertzalearen prentsa oharrari  erreferentzia eginda, honakoa azaldu dute EAJ-PNV eta Hamaikabat alderdiek prentsa ohar bidez: «Ezker Aber­tza­learen idatzia irakurri ondoren, jakin gabe jarraitzen dugu nora eramango diren azken kondarrak (errefusa)».
Eta gaineratu dute: «atez ateko bilketarekin hondakinen arazoa konpondu nahi izatea, egia ezkutatzea da». Adie­raz­pen hori arrazoitzeko honako datuak eman dituzte: «Usur­bilen, erraustegira edo zabortegira doazen kondar horien portzentaia apiriletik uztailera %27,24 izan zen; urrian %33,81; eta azaroan %42,14. Ez dago munduan herririk azken kondarra 0 denik. Denoi gustatuko litzaiguke utopia hori, baina errealitatea dena da: berrerabili edo birziklatu ezin ditugun hondakinak sortzen ditugula».

«Nabarmen geratu ziren Hernanin beste firma
bilketa bat egin zenean»

Erreferendumari dagokionez, honakoa azaldu dute: «Ezker Abertzaleak harro azaldu izan du beti jarrera parte har­tzai­leena duela eta herriaren aho­tsa gehien errespetatzen duela. Baina nabarmen geratu ziren Hernanin beste firma bilketa bat egin zenean  (Ertzain­tzako errotonda eta Antziola auzoa lotzen dituen bidea ez egiteko). Ez zuten kasorik egin».
Eta hala jarraitu dute: «Edota hainbestetan aipatu izan diguten firma bilketa, Lan­darbaso edo Zubietan erraus­tegia ez jar­tzeko. Do­nos­tiako kokapenaz Herna­nin galdetu? Guk ez genion zen­tzurik har­tzen. Eta Marian Bei­tiala­rran­goitiaren udal go­ber­nuak ere hala pen­tsatuko du, ez bai­tu halako galdeketarik egin, nahiz eta gehiengoa daukaten».

«Pentsatzen duzue ez garela erabakitzeko gai?»
Atez atekoari buruzko erreferenduma egiteko eskaerari dagokionez, azaldu dute: «Ezker Abertzaleak kasorik egingo ez duela esan ez ezik, non firmatu daitekeen adierazten duten paperak ken­tzen dituzte, plataforman parte hartzen dutenak meha­txatzen dira, eta abar. Herri­tarrak isildu behar al dira? Edo zenbaitek bezala pen­tsatzen duzue, ez garela erabakitzeko gai, eta teknikoak direla gugatik pentsatu eta erabaki behar dutenak?».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!