‘Agussssto’ antzezlanarekin hasiko da antzerki zikloa, astelehenean

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 16a, 01:00

AGUSSSSTO, Aitarekin bi­daian eta Xabinaitor, horiexek dira aurtengo lehenengo antzerki zikloan ikusgai izango diren hiru antzezlanak. Emanaldiak hiru egun ja­rra­i­an izango dira, astelehenean hasita. Biteri kultur etxean, arratsaldeko 20:00e­tan. Ohi bezala, gustu guztiak asetzeko aukera izango da. Umorea nagusi izango da Agussssto eta Xabinaitor antzezlanetan. Eta Aitarekin bidaian, umore puntua bakarrik ez, dramarako osagaiak ere izango dira. Antzerki ziklo honetan, barre egiteko eta hunkitzeko aukera izango da.

Goizeko sarrerak ia agortuta
Erosteko garaian, herritar guztiek aukera bera izateko  (lana dela eta), sarrerak banatu egiten dira goizean eta arra­tsaldean. Sarrerak atzo jarri ziren salgai eta Biteritik jakinarazi dutenez, aukera guztiak jada ez daude eskura. Goizez erosiz gero, Aitarekin bidaian antzezlana ikusteko bakarrik geratzen dira sarrerak. Arratsaldean, berriz, hiru antzezlanetarako bada oraindik aukera. Dena dela, Agusssstorako oso sarrera gutxi geratzen direla azaldu dute. Beraz, mugitu egin behar. Goizez erosi nahi dituenak, 09:30etatik aurrera izango du aukera; eta arra­tsaldean nahiago duenak, 19:00etatik aurrera. Prezioa: 5 euro.

Hiru antzezlan
AGUSSSSTO
Haria: Bi pertsonaia:   Patxi  euskalduna, Varadero eta turismo sexual zalea. Estela, emakume kubatarra eta Patxiren bihotza konkistatu duena...
Bien artean umoredun espektakuloa eskainiko digute, dibertigarria, ordubetez parrez lehertzeko modukoa, hirurogei minutu gustura pasatzeko... Agussssto!!!
Konpainia: Glu Glu producciones.
Antzezleak: Gorka Aginagalde eta
Gurutze Beitia.
Hizkuntza: Gaztelera.
Eguna: Otsailak 22, astelehena.
AITAREKIN BIDAIAN
Haria: ...Bi bidaideak, aita-semeak, elkarrekin bizitzera kondenatuta geratu dira. Halaxe eskatu zion amak hil aurretik Patxi semeari, haren faltan, aita zaintzeko. Patxi saiatuko da amari emandako hitza betetzen baina, laster jabetuko da aita ez dela jada amak ezagutu zuen gizona; orain beste bat dela...

Historia honek itxuraz dramarako osagai guztiak dituen arren, umoreari ere tokia utziko dio, momentu barregarri eta hunkigarriak sortuz.
Konpainia: Hika antzerki taldea.
Zuzendaria: Aintzane Intxaurraga.
Antzezleak: Joxe Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza eta Xabier Muguruza (musika zuzenean).
Hizkuntza: Euskera.
Eguna: Otsailak 23, asteartea.

XABINAITOR
Haria: Superman, Batman, Spiderman... superheroi hauen garaia pasa zen. Orain, gurean... EGA agiria duen superheroi bakarraren garaia heldu da. Xabinaitor, 8 urtetik 158 urte bitartekoentzako antzerki lana da.
Wazemank-eko lan taldearen eskutik.
Konpainia: Gorringo.
Zuzendaria: Anartz Zuaza.
Antzezleak: Mikel Pagadizabal, Mikel Laskurain, Egoitz Lasa, Ainere Tolosa, Ixabel Agirresarobe, Asier Sota eta Anjel Alkain.
Hizkuntza: Euskera.
Eguna: Otsailak 24, asteazkena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!