Larunbatean festa izango da Hernanin, Egunkaria Auzia ixtea eskatzeko. Festa goizeko 11:30etan hasiko da, eta sagardo dastaketa eta pintxoak izango dira. Festa girotzeko, bertsolariak, dantzariak, trikitilariak, dultzaineroak, kantu jira... haurrentzako txokoa ere jarriko dute bertan.
Egunkariaren aldeko Hernaniko batzordeak herritarrak animatu nahi ditu larunbateko festan parte hartzera, «ea denon artean lortzen dugun, absoluzioa orain epaitu dituztenentzat, eta bigarren epaiketa bertan behera uztea».
Zazpi urte, Euskaldunon Egunkaria itxi zutela
Datorren larunbatean beteko dira 7 urte, Egunkaria itxi zutela. Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuen eta bertako arduradunak atxilotzeko eskatu zion epaileari. ETArekiko lotura zuelakoan itxi zuten Egunkaria eta bi epaiketa ireki ziren: lehenengoa ETArekiko ustezko lotura akusazioagatik; eta bigarrena ustezko delitu ekonomikoengatik.
Geroztik, Espainiako Fiskalak auzia ixteko eskatu du, «frogarik ez dagoelako», eta AVT eta Diginidad y Justicia taldeek jarraitu dute bi epaiketekin, herri akusazio gisara.
Epaiketa bat bukatuta,
sententziaren zain
Aurtengo urtarrilean bukatu da lehendabiziko epaiketa, eta orain epailearen sententziaren zain daude 5 auzipetuak: Torrealdai, Auzmendi, Uria, Otamendi eta Oleaga.
Bigarren epaiketak ez du oraindik datarik.
Hernaniko batzordeak Kronikara bidalitako prentsa oharrean dioenez, «amaitu berri den epaiketan, akusazioak ez du datu berririk aurkeztu, ez du frogarik aurkeztu, baina beldur gara, kondenatu eta kartzelatu egingo ote dituzten, frogarik eta arrazoirik gabe».