10 urte eta gero... hasi zapatilak prestatzen, badatoz-ta Olinpiadak!

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 14a, 01:00

hernaniko Gazte Asanbla­da martxan dagoen taldea da, ekintza diferente ugari antolatu izan ditu sortu zenetik eta orain, erronka berri batekin dator. «Gure aurreko belaunaldiei testigua hartuta, gure herrian hain arrakastatsuak izan diren Herri Olinpiadak antolatzera goaz», azaldu dio­ Kronikari. Helburua dute «herriko koa­­drilak elkarren artean ezagutzea eta harremanak sendotzea».


Hiru generazio harremanetan
Hernanin Herri Olinpiadak egin ziren azken alditik 10 urte pasa dira, baina garai hartan ikusitakoa gogoan, antolaketan aritu zirenekin harremanetan jarri ziren Gazte Asanblada­koak. Bi ge­ne­razioen artean aukerak ikusi eta konturatu ziren jendeak nahi duela lehen zegoen giroa berpiztu, eta deia luzatu dute Hernaniko koadrila guztien artean antolatzeko. Eta zeregin horretan, aurreragoko generazioarekin ere jarri dira ha­rremanetan, hau da, 88an Olin­­piadak antolatu zituztenekin.


Batzar irekia ostegunean
Kronikari azaldutakoaren arabera, Olinpiaden gutxi gorabeherako bat pentsatua daukate, baina oraindik ez dute dena zehaztu eta ostegunerako deitu duten ba­tzar irekian proposamenak biltzeko asmoa dute. Hori dela eta, dei egiten diete herriko koadrila guztiei, olinpiadetan parte hartu nahi duten guztiei «lotsak eta ta­buak alde batera utzi eta apuntatzeko». Ostegunean 19:00etan izango da batzarra, Biterin.


Atzo inauterietan sekulako giroa
Gazte Asanbladak inauteriak ospatu zituen atzo. 12:00etan ginkana izan zen Tilosetan, eta ondoren, 14:00etan, bazkaria. Jende dexente bildu zen mahaiaren bueltan eta ondoren, Elektro Txarangarekin batera egindako poteoan, sekulako giroa jarri zuten herrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!