Pagoagako Mikelete Etxea

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 14a, 01:00

MikeleteAk gerran parte hartzeko baino, beste zeregin batzuetarako zeuden. 1886ko reglamentuak dioenez beraien obligazio nagusienen artean zegoen: ordena publikoa mantentzea, bidelapurrak eta gaizkileak pertsegitzea, Di­pu­tazioko korreo lanak egitea, Au­rrezki Kutxa Probintziala zaintzea... Bes­talde, derrigortuta zeuden ezkongabe mantentzera, itxura ´dui­na` izatera, tabernatan ez ibiltzera... Mikeleteen lana ere ba­zen Gipuzkoako mugak zaintzea. horretarako ´Mi­ke­lete Etxeak` deiturikoak eraiki zituzten hainbat lekutan: Otzaurten, Endar­latzan, Li­za­rrus­tin... eta Hernaniko Pagoagan. Paguako eraikina gaur egun ez da existitzen. Mi­ke­leteak 36ko gerraren on­do­ren desegin zituzten (errepublikarren al­de parte hartzeagatik), baina urte ­askoan Ar­bi­trioen etxe be­za­la erabil­tzen jarraitu zuten eraikina (kobraketak egiteko eta abar), bertan behe­ra ge­ratu zen arte. Diputazioak duela urte ba­tzuk bota zuen etxea eta orain hutsune bat besterik ez dago toki horretan. Ez dira gutxi etxe ho­rren inguruko kontakizun eta bitxikeriak. Adi­bi­dez, 1887­an Madrilgo La Epoca egunkari borbondar ´arrosak` zioenez, Maria Cris­ti­na erregina Hernani ingu­ru­etan paseatzen ze­bilela, mi­kelete batek peajea or­dain arazi zion, ezagutu ez zuelako. Baina mikeleteak beti ez ziren hain zorro­tzak izan; hori ondo dakite Pagoaga baserrikoek. Gure baserriak liburuan azaltzen dutenez, bertakoak oraindik ere akordatzen dira kontrabandistak zaha­gia bizkarrean zutela pasatzen zirela Mikelete Etxearen pare-paretik, inongo problemarik gabe, poliziari ardo tragoxka bat eskaini eta gero.

Mikelete baten zoritxarra
Pagoagako postuaz gain, Hernaniko zentroan ere baziren mikeleteak. Zeha­z­ki, XX­garren mende hasieran lau mikeletek zaintzen zuten herria, gehienak pentsio, etxe pribatu edota Be­ne­fi­zen­tzian hartzen zu­ten os­ta­tu. Hain zuzen, ho­ri­etako mikelete bat gertaera lazgarri baten protagonista bihurtu zen 1896an.
Garai haietan, fielato edo kaseta mo­duko bat izaten zen Kale Na­gusiaren hasieran kontrol lanak egiteko. 1896ko abuztuaren 31n, gaueko 2:30ak inguruan, Jose Ar­bu­ruaga izeneko mikeleteak zaldizko gurdi baten hotsa sentitu zuen; kasetatik atera eta gurdiko pasaiariak erregistratu on­do­ren pasatzen utzi zien normaltasun osoz. Baina barrura itzuli zenean, norbaitek kasetako kristalezko atea jo zuen; Arburuagak kasetatik ateratzeko keinua egiten du, eta derrepentean bi tiro jasotzen ditu kristalaren beste aldetik.
Mikeletea larri zaurituta geratu zen eta Be­ne­fi­zen­tzi­ko ospitalera eraman zuten.  Ez zen sekula argitu nork eta zergatik eraso zuen mikelete gizarajoa. Baina La Voz de Guipuzcoa egunkariak esan zuenez, zenbait herritarren ustez tiroak ez zihoazen Jose Ar­buruagari zuzenduta, baizik eta kontrabandistei gor egiten zien bere lankide bati. Antza, gau hartako guardia aldatu egin zuten bi mikeleteek, Ar­bu­ru­a­ga­ren zoritxarrerako

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!