Hernaniko Udalak Jarraipen Batzordea sortu du Atez Ateko sistemaren inguruan lan egiteko, eta Hernaniko Zero Zabor taldeak prentsa oharrean azaldu du «ilusio haundiz» lan egingo duela batzorde horretan, eta dei egin die «Hondakinen kudeaketa burutsuago baten kontzientzia duzuen hernaniarrei», batzordean parte hartzeko. Lehendabiziko bilera asteartean da, hilak 16, 19:00etan, Udaletxeko Areto Nagusian.
«Betebehar garrantzitsuak»
Zero Zabor taldearen ustez, Jarraipen Batzordeak betebehar garrantzitsuak dauzka. «Alde batetik, herritarrei begira: jendearen inplikazioa bultzatu, informazioa banatzen lagundu, Atez Atekoaren inguruko arazoak edo ezintasunak non dauden detektatu, herriko elkarte eta mugimenduetara zabaldu...».
«Udalari begira ere lan inportantea egin dezake Batzordeak: Atez Atekoaren alderdi zehatzak hobetzen lagundu, herritarren ezinegonak edo arazoak jakinarazi Udaleko arduradunei, egon daitezkeen haserreak edo gaizkiulertuak bideratzen lagundu, eta abar».
Zero Zabor taldeak dio, ilusio haundiz lan egingo duela Jarraipen Batzordean, «Asko jokatzen dugulako Atez Ateko bilketa sistemarekin».