Urteko lehenengo antzerki zikloa iritsi da. Eta ohi bezala Biteriko aretoa betetzeko asmoz. Helburu hori lortzea ez da zaila izango, izan ere, aktore ezagun mordoa eta lan txukunak izango dira ikusgai. Barre egiteko eta hunkitzeko aukera izango da, otsailaren azken astean emango diren hiru antzezlan horiekin.
Hiru egunetan jarraian
Lehenengo emanaldia, hilaren 22an, astelehenean izango da: Agussssto antzezlana. Glu Glu producciones konpainiarena da, gazteleraz izango da eta aktoreak dira Gorka Aginagalde eta Gurutze Beitia.
Hurrengo emanaldia, asteartean, hilak 23, izango da: Aitarekin bidaian. Hika Antzerki taldearen lan honetan, Joxe Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza eta Xabier Muguruzak (musika zuzenean) hartuko dute parte. Zuzendaria Aintzane Intxaurraga da.
Azken antzezlana Gorringoren Xabinaitor izango da, Anartz Zuazak zuzendua. Asteazkenean egongo da ikusgai. Aktoreak: Mikel Pagadizabal, Mikel Laskurain, Egoitz lasa, Ainere Tolosa, Ixabel Agirresarobe, Asier Sota eta Anjel Alkain. Emanaldiak 20:00etan izango dira Biterin.
Sarrerak salgai jarriko dira Biterin, 5 euroan, astelehenetik aurrera. Goizean 09:30etatik aurrera egongo dira salgai erdiak eta arratsaldean, 19:00etatik beste erdiak.