‘Esne Zopak’ eta bertsolariak, martxoan, Larre-Gain sagardotegian

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 13a, 01:00

HAMAR urte eta 3.300 zenbaki egingo ditu aurten Hernaniko Kro­ni­kak, eta hori dela eta kanpaina be­rezia prestatu du. Kanpaina hasteko, ekitaldia antolatu du martxoaren 12an La­rre-Gain sagardotegian. Esne Bel­tza talde ereño­tzua­rrak emanaldia eskainiko du, eta bertsolariak ere izango dira bertan, Hernaniko Kronikaren alde. Esne Beltza musika taldeak 2009­an kaleratu zuen Esne Zopak lan berria, eta DVDa. Trikitixaren omenez egindako diskoa da Esne Zopak, eta ber­tsoak aparteko garrantzia dauka. La­rre-Gainen aukera izango da lan hori ezagu­tzeko, eta ezagu­tzen dutenek ostera ere gozatzeko. Ber­tsolariak ere izango dira bertan, ekitaldiaren mo­mentu batzuetan.


Kanpaina, ekaina bitartean
Ekaina bitartean izango dira ekitaldiak, Kronikaren 10. urteurrenaren bueltan. Lehiaketak izango dira apirilean, hitzaldia eta bazkidetza kanpaina maiatzean, eta ekainean aldizkari berezia kaleratuko du Hernaniko Kronikak, urteurrena aitzakia hartuta. Ekitaldi berezi batekin bukatuko du Kronikak 10. urteurreneko ospakizuna, ekainean.


Jauzia, informazio gehiago eskaintzeko: lan mundua...
Kronikaren 10. urteurrenak aurrerako jauzi bat izan nahi du, eta Hernaniko Kronikak esparru berriak ireki nahi ditu, aurrera ere herritarrei informazio-zerbitzu ho­bea emateko: lan munduko infor­mazio osoagoa, in­guruko herrietako informazio prak­tikoa (zerbitzuak, ekitaldi interesgarriak...) produktuaren diseinu berria... Hernaniko Kronikak asko esker­tzen du 10 urte horietan herritarrek eta taldeek emandako babesa, eta urteurreneko kanpaina beraiei zu­zenduko die batez ere.

Dobera-Kronikako bazkide al zara?

Hernaniko Kronika egunero eta dohainik kalean izateko, ur­tero 450 bazkideren laguntza ja­so­tzen dira. Dobera euskara elkarteko bazkideak dira; elkarteak egi­ten di­tuen ekin­tzetarako ematen dute diru-laguntza, eta ho­rien artean Her­naniko Kroni­ka­rentzako. 

Aurten Bazkide Kanpaina egingo du Hernaniko Kro­ni­kak, eta helburua da, 1.000 bazkide izatera inguratzea. Proiektua haundi­tzen dijoan neurrian, baz­kide kopurua ere haundi­tzea da Her­naniko Kronikaren helburua.

Hernaniko Kronikak esfortzu haundia egiten du egunkaria egunero kalean izan dadin, eta dohainik banatzen da, ahalik eta jende gehienak hartu de­zan. Horre­ga­tik, bazkideek ur­te­ro 35 euro or­daintzen dituzte, eta herri guztiak dohainik jasotzen du herriko infor­mazioa, egunero, eta euskeraz.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!