«Salatu nahi dugu alderdi politiko batzuk egiten ari diren manipulazio eta gezur-kanpaina»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 12a, 01:00

Hernaniko Ezker Aber­tzaleak atez ateko hondakin bilketa sistemaren inguruan duen iritzia azaldu du pren­tsa ohar bidez, eta era berean, salatu du «alderdi politiko batzuk gai honen inguruan egiten ari diren manipulazio eta gezur-kanpaina». Eta gaineratu du: «Her­nanin atez atekoaren inguruko galdeketa egin behar dela aldarrikatzen dutenak dira (Ha­maikabat eta PNV), hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundian agintzen dutenak; eta ez zaie ´bururatu`, gi­­puzkoarroi, erraustegia nahi dugun ala ez galde­tzea».

«Atez ateko sistema da hondakinen arazoari aurre egiteko modurik egokiena»
Ezker Abertzaleak azaldu du zabortegiak beteta, erronka dela egunero sortzen den hon­dakinekin zer egin zehaz­tea. Eta bere esanetan, «atez ateko bilketa sistema da hondakinen arazoari au­rre egiteko modurik egokiena. Sor­tzen ditugun hondakinen gehiengoa birziklatzea eta berrerabiltzea dakar. Sistema honekin, hondakinen %80 edo gehiago berreskuratzea lortzen da. Horre­gatik egiten dugu atez atekoaren alde. Gure osasunak eskertuko du, gure inguruak ere bai, eta, zer esanik ez, gure seme-alabek eta ilobek». Horrez gain, argi adierazi du galdeketaren alde daudela. «Hori bai, inoren iritzirik kontuan hartu gabe herriko Arau Subsidiarioak nahi erara diseinatu zituztenak ez dira izango galdeketa noiz eta nola egin behar den esango dutenak».

«Atez atekoaren aurka egiteak erraustegiaren alde egitea esan nahi du»
Prentsa oharrean adierazi du, atez atekoaren aurka egiteak erraustegiaren alde egitea esan nahi duela eta erabakitzeko garaia den honetan, honakoa galdetu du: «zer egingo dugu, gure zaborra erre (horrek dakar­tzan ondorio guztiekin) edo arduratsu jokatu, hondakinak gaika bereiziz eta berreskuratuz?». Baita ere azaldu du atez atekoaren aurka nahi adina aitzaki erabili daitezkeela, baina aitzaki horiekin benetan jokoan dagoena ezkutatu nahi dutela: «hondakinak kudeatzeko eredu bat aukeratzeko beharra, erraustegia edo atez ateko bilketa-sistema». Hausnarketarako bi galdera ere luzatu ditu: «Nola jokatuko dugu gure hondakinekin? Nolako herria nahi dugu guretzat eta gure ondorengoentzat?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!