«Fusio proiektu bat martxan jartzeak eskatzen du denbora, eta lan sakonago bat»

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 10a, 01:00

Langile ikastolak prentsaurrean adierazi zuenez atzo, «gelditzen zaigun bide bakarra mobilizatzea da». Juridikoki eta legalki ere irtenbide bat bilatzen saiatzen ari direla adierazi dute.

Langile ikastolak mobilizazioekin jarraituko duela adierazi zuen atzo prentsaurrean, Hezkuntza Delega­zioak hartu berri dituen bi erabakirekin ez dagoelako ados; alegia, DBHko ikaste­txe publiko guztiak batera­tzea; eta matrikulazioa 75 ikasletara mugatzea.
Langile ikastolak azpimarratu zuen, lau ikastetxe ba­teratzeko proiektu bat mar­txan jartzeak denbora gehiago eskatzen duela, eta lan sakonago bat. Horrez gain, adierazi zuten, matrikulazioa 75 ikasletara mugatuta, Langiletik kanpora geratu direla hainbat eta hainbat familia, beren gogoz kontra.

«Pedagogia aurrerakoi,
herritar eta parte hartzailea»

Prentsa oharrean adierazi zu­tenez, Langile ikastolak pedagogia proiektu aurrerakoi, herritarra eta parte har­tzailea du. «Horretarako sortu zen, orain dela hamarkada batzuk. Ibilbidean zehar herritar ugarik egin izan dute bat hezkuntza proiektu honekin eta pixkanaka-pixkanaka ikastola haunditzen eta sendotzen joan da». Ikastola garai berrietara egokitu dela, adierazi zuten, «funtsezko ezaugarriei uko egin gabe. Hala azken urteotan izan den matrikula mailarik gorenera iritsi da, eta beti 2 urterekin hasi eta 16 urte bitarte ikasle guztiak bertan egin dute beren ibilbide guztia».
Hori horrela, Hezkuntza Delegazioak hartu duen erabakia «inposizio hutsa» dela diote. «Orain arte ere, Hez­kuntza Delegaritzatik oztopoak eta eragozpenak baino ez ditugu jaso».

Lau lerroko matrikulazioa azken bost urteetan
Hezkuntza Delegazioak erabaki du, datorren ikasturtetik aurrera, 75 ikasle (3 lerro) matrikulatzea gehienez, mai­la bakoitzean. Horren arabera, hainbat familia geratu dira beraien haurrak Lan­gi­len matrikulatu ezinda, «be­ren gogoz kontra».
«Langile 3 lerroko ikastola izatera derrigortu nahi du Delegazioak. 2004/2005 ikasturteaz geroztik, Langilek 4 lerroko ikastetxe bati dagokion matrikulazio kopurua izan du, eta horren berri urtero eman zaio Delega­zioa­­ri. Orain dela bi urte arte ez da arazorik izan, baina ordutik, baliabide pertsonalik ez digu eman. Beraz, dagoeneko 6 gela daude, Lehen Hezkuntza egin behar dutenak, eta Delegazioak ez ditu behar adina irakasle izendatzen; beraz, ez dago ba­lia­bide nahikorik».

«Hezkuntza Delegazioak ez du onartu Hernaniko gu­rasoek egin duten Hez­kun­tza Proiektuaren aukera».
«Hezkuntza Delegazioak inposizio agindua eman du»
DBHko ikastetxe publiko guztiak fusionatzea, inposizio bat dela dio Langilek, «inposizio erabat erasokorra. Ez dute emandako hitza errespetatu eta Langile ikastola suntsitu egiten du erabaki horrek; 2-16 ikastetxe sen­do eta indartsu bat dena».
Adierazi dutenez, bi urtez luze eta sakon eztabaidatu zen fusio horri buruz, eta ondorioa izan zen, «ez zela erabaki nahikorik aurrera egiteko. Orduan Delegazioak gure iritzia errespetatuko zuela esan zigun, eta orain agindu hau eman du».
Langilek dioenez, ikaste­txe berriak zehaztu gabe ditu oraindik, «metodologia, proi­ek­­­tu pedagogikoa, azpiegitura berriak, irakasleria, zerbi­tzuak, barne-arauak, gurasoen parte hartzea, kudeaketa...»
Horregatik, mobilizazioekin jarraituko dute, bi erabaki horien kontra. 

Ostegunero elkarretaratzea Urbieta kalean

Delegaritzaren agindua iritsi zenetik egin dituzten mobilizazioak zein izan diren azaldu zuten atzo; eta aurrerantzean egingo dituztenak ere bai.
-Ostegunero kontzentrazioa egingo dute Urbieta kalean, 17:00etan.
-Itxialdia: otsailak 20-21.
-Arlo juridikoa eta legala jorratzen ari dira.
-Bi kontzentrazio egin dira Delega­zioak Donostian duen egoi­tzaren aurrean.
-Elkarrizketak egin eta egingo dira prentsan, eta iritzi artikuluak kaleratu.
-Sinadura bilketa egin da: Udaletxean, Arartekoan eta Hezkuntzan aurkezteko.
-Beste ikastetxeetako gurasoekin bilerak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!