Iñaki Agirrezabalaga, Eusko Alkartasunako Gipuzkoako Koordinatzaileak, alderdiko egoerari buruz hitz egin zuen, eta dituzten erronken aurrean eta alderdiak izan dituen gorabeheren inguruan, beraien jarrera zein den azaldu zuen herenegun, Biterin emandako hitzaldian. Azaldu zuen: «Adierazi nahi dugu hemen gaudela eta alderdiko hasierako printzipioak inoiz baino tinkoago aldarrikatzen ditugula. Horrez gain, gai askoren inguruan eztabaidatzeko gai gara, bai nazio ikuspuspuntutik eta baita arlo sozialetik ere, eta lanketa horretan, parte hartu nahi duten guztiek alderdiaren ateak zabalik dituzte; alderdian gero eta barneratuago daukagulako prozesu partehartzailea».
Alderdiaren hiru
printzipioak berretsi
Agirrezabalagak azaldu zuen Eusko Alkartasunak beti izan dituen printzipioak ezbaian geratu direla zenbaiten ahotan, eta derrigortuta sentitu direla alderdiaren oinarriak eta printzipioak berriz ere berrestera. «Jakingo duzuen bezala, alderdiaren zatiketa gertatu da; nik nolabait, karguak lapurtzea esango nukeena. Eusko Alkartasunaren izenean izendatu ziren eta kargu publiko haiek bereganatu egin dituzte; eta justifikatu dute esanez, alderdiaren hasierako printzipioak bertan behera geratu direla. Hori gezurra da».
Eta gaineratu zuen: «Eusko Alkartasuna hiru printzipiotan oinarritu izan da beti, eta orain ere bai: alderdi abertzalea eta independentista da; bakezalea da, bakarrik borroka politikoa du helburu, indar armaturik gabe; eta alderdi sozialdemokrata, ezker ikuspegikoa da».
«Herritarren partaidetza beharrezkoa»
Printzipio horiez gain, «beste elementu garrantzitsu bat» aipatu zuen: «edozein ekintza politiko aurrera eramateko alderdiak garbi duena da parte-hartze prozesua beharrezkoa dela. Parte-hartzea alderdi barruan eta alderditik kanpo».
Gipuzkoan dauden azpiegitura proiektuak izan zituen ahoan, hala nola, Pasaiako kanpo portua, Hondarribiko aireportua eta Etxegaraten peajea jartzea: «alderdi barruan partaidetza prozesua aurrera eraman dugu, eta ondoren, plazaratu ditugu gure interesak eta ikuspuntu soziala. Pasaiako portuari dagokionean, esaterako, gu portu mixto bat egitearen alde gaude, ez gaude konpoko portua egitearen alde». Arrazoi asko daudela azaldu zuen, baina garrantzitsua iruditzen zaiela herri ikuspuntua izatea, «eta hori herritarren parte hartzetik dator», azaldu zuen.
Galde-erantzunak
Hitzaldiaren bigarren zatian, jendearen galderei erantzun zien Agirrezabalagak. Luze jo zuen tarte honek, eta hona laburtuta, galdera eta erantzun nagusiak zein izan ziren:
1) Denen ahotan dabilen polo soberanista, edo mugimendu soberanista horretan, zenbaterainoko inplikazioa daukazue? Non egongo gara hemendik 2 urtera? Zaila da jakiten herri honetan non egongo garen hemendik bi urtera. Gure ustez bidea da abertzaleek elkar hartzea. Guk giza eskubideetan oinarritutako indar metaketa batean sinesten dugu. Hor bildu nahi duten alderdiek sinisten badute printzipio horietan, eta konbentzituta badaude, guk ez dugu konplexurik izango aurrera egiteko. Horretarako, alderdi guztiek garbi jarri behar dituzte euren posturak.
2) Zein ikuspuntu du EAk zabor bilketa sistemei buruz? Erraustegiari buruz? Alderdia barruko eztabaida batean ari da zaborrei buruz. Momentu honetan bi eredu daude: betikoa eta Usurbilgoa. Joan den astean izan ginen Usurbilen, eta Atez Atekoak nola funtzionatzen duen ikusi genuen, eta zein emaitza eman dituen. Aurreratu dezakedana da, Usurbilen asko igo direla reziklatze-mailak. Hortik aurrera, eztabaidan ari gara eta laster argituko dugu postura.
3) Biolentzia hitza nola definitzen duzue? Erailak, psikologikoki mespretxatuak, torturatuak... denak dira biolentziaren biktima. Herri honetan bi biolentzia nagusi izan dira: batetik estatuaren biolentzia, eta bestetik ETAren biolentzia. Biek kalte izugarria egin diote herri honi.
4) Zu Zumaiako alkatea ere bazara. Ezinduei begira aldaketa asko egin dituzue herrian. Azalduko al diguzu zein politika darabilkizuen? Zumaian Mugikortasun Plan bat egin genuen, eta plan horren barruan, besteak beste, ezinduen beharrak hartu genituen kontuan. Horretarako ezinduekin zuzenean lan egin genuen.