Hernaniko Kronika ‘Hernani’ zure kioskoan 10 urtez

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 13a, 01:00

GAUR EGUN, egunero kalera­tzen da Kronika, egunero 4.600 ale, eta bi orrialde astez, eta zortzi orrialde asteburuan. Sortu zenean astean bost egunetan kaleratzen zen, 1.750 ale, eta zortzi orrialdekorik ez. Zeinek ukatuko du aldaketa haundia eman duela Kronikak 2000 urte hartatik. Dena den, hasierako helburuek bere horretan jarraitzen dute: herritarrei ahalik eta informazio zabalena eta lehialena ematea, eta euskeraz.


Doberak sortua, informazioa zabaltzeko eta euskera indartzeko
Dobera euskara elkarteak sor­tu zuen Hernaniko Kronika, eta bi helburu nagusi zituen: batetik, herriko informazioa herritarrei zabaltzea; eta bestetik, euskera indartzea. Hasie­rako asmo haiek bere horretan jarraitzen dute gaur egun ere, eta Kronikak informazio gero eta zabalagoa es­kain­tzen die hernaniarrei, eta herritarrek euskeraz irakur­tzen dute egunero-egunero. Kronikak herritarrei begira egiten du lan, eta herritarrek emandako informazioa du iturri nagusia. Informazio zabala Kronikak era guztietako informazioa argitaratzen du, gizartea, politika, kirola, kultura... Talde eta alderdi guztien albisteak zabaltzen dira, herritar guztien intereseko produktua egiteko asmoarekin. Hernanin egunero gerta­tzen dena irakurleari eskaini nahi dio Kronikak, politika, kolore eta gusto guztietako informazioa, alegia.


Sei langile finko
Proiektua aurrera ateratzeko, egunero 6 lagun ari dira lanean Kronikan, eta beste bat orduka. Kolaboratzaile sarea ere gero eta haundiagoa dauka Kro­nikak, eta momentu honetan erreportaje bereziak idazten eta bestelako lanetan lagun­tzen 10-12 bat lagun ari dira. Egunero 4.600 ale doan Hernaniko denda eta kioskoetan eskura dauka Kronika nahi duenak. Dagoeneko 4.600 ale banatzen dira erabat dohai­nik egunero, eta jendeak berak hartzen du Kronika. Ale kopuruan igoera haundiena lehendabiziko hiru urteetan izan zuen Kronikak, baina azken urtean ere dezente igo da eskaria. 2000 urtean 1.750 ale banatzen ziren egunean, eta 2003an 3.500 inguru banatzen ziren. Gainerako urteetan, igoera polikiago joan da, baina etenik gabe. Azken urtean igoera nabarmena izan du Kronikak, eta iaz banatzen ziren 4.300 aletik, 4.600era pasa da; batez ere, dendek ale gehiago eskatzen dituztelako, eta zenbait denda berrik eskatu egiten dutelako Kronika. Hamar urte horietan 3.300 zenbaki kaleratu dira; hasiera bost egunetan kaleratzen zen astean, gero 6 egunetan eta 2004az geroztik egunero.


Asteburuko Kronikak eta Kronika bereziak
Asteburuetako Kronikak gero eta landuagoak eta informazio gero eta garatuagoa eskain­tzea da lan taldearen apustua. Horrez gain, astean zehar egun jakinetan Kronika bereziak ateratzen dira: Ikasleen Txokoak, Euskaltegien Txo­koak, San Joan jaiak, Gabo­nak... Eta aurrera ere horretan jarraitzea da asmoa.


Gai berriak, formatu berriak, eremu berriak
Gai berriak bilatu, aztertu eta landu nahi dira egunetik egunera Kronikan, eta herritar askok izan dezaketen albiste, datu edo informazio interesgarri horri bidea egin nahi zaio. Arakatu egin nahi da zen­bait esparrutan (lan mundua, historia, gizarte alorretan...) eta gaur eguneko me­dioek eskaintzen dituzten au­kerak ere aprobetxatu nahi di­ra. Formatu berriak bilatu, ko­loreak sartu, itxura egokitu... Hernanitik kanpoko informazioa ere eskaintzen du Kro­nikak, eta hala jarraituko du, interesgarria dena Herna­ni­ra ekartzeko asmoarekin. Horrela, Kronika, gaur egun, Topagu­neko hedabideak bil­tzen di­tuen Tokikom taldeko partaide ere bada.


www.kronika.net
Egunero Kronika internet bi­dez irakurtzen dute 650 lagunek. Papereko informazioaz gain, momentuan momentuko informazioa, eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu Kroni­karen edizio digitalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!