‘Itzulera’ erakusketa Sentimendu, kolore eta irudien uztarketa

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 7a, 01:00

«KOLOREAK, marrak eta irudiak protagonista papera hartuko dute, ahaztu gabe hau guztien magia eta aberastasuna ezerezean geratzen direla zuek gurera etorri gabe». Jose Luis Elexpe Pelex artista hernaniarraren hitzak erabilita, gonbidapen zuzena egin dute Hernaniko eta Goierriko 10 pintore eta eskultore ezagunek Biterin duten Itzulera erakusketara. Erakusketa otsailaren 12ra arte izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. 10 artista horien artetik hiru dira herniarrak: Goretti Izuzkiza, Peio Goello eta Pelex. Gainerakoak honakoak dira: Leire Markinez, Maider Urretabizkaia, Iker Dorron­soro, Patxi Morales, Jokin Telleria, Javi Soto eta Jesus Lopez Zulueta. 

Beasaingo Usurbetik Hernaniko Biterira
Pelexek eta Goellok Kroni­kari azaldu diotenez, orain de­la 8-10 urte ezagutu ziren elkar Goierriko eta Her­na­ni­ko ar­tis­tak, eta ordutik urtero ur­tero Beasaingo Usurbe kultur etxean egin izan dute erakusketa. «Hori horrela, pen­tsatu genuen beraiek hona gonbidatu behar genituela. Eta hortik dator erakusketaren izena: itzulera», azaldu dute bi artista hernaniarrek. «Han gainera, askoz jende gehiago biltzen da eta guk ez genuen hori nahi. Honera ekartzeko aukeraketa egin dugu. Guretzak onenak ekarri ditugu». 

Pertsona oso ezberdinak, estilo oso ezberdinak
Batez ere pinturak, koadroak dira nagusi erakusketan. Pelexen bi eskultura edo bozeto ere badira tartean. Guztira 35 bat lan daude ikusgai eta estilo ezberdinak nabarmen­tzen dira. Errealismoa, abstraktutasuna, kolore biziak, egurra, papera... egile bakoi­tzak badu bere ikuspuntua eta ukitua.
Pelex eta Goellok azaldutakoaren arabera, taldean adin ezberdinetako artistak daude eta lanak ere ezberdinak dira. «Gehienak irakasleak dira, baina bada oraindik ikasten ari denik, Izuzkiza esaterako; beste ba­tzuk bukatu berri dituzte ikasketak eta badira nahiko helduak ere. Erakusketa honek hori bil­tzen du», dio Pelexek.


«Erakusketa ikusgarria»
 «Aspaldi da horrelako mailako erakusketarik ikusten ez nuela hemen», Goellori esanaz atera zen herritar bat ostegunean. Eta ez zen bakarra. Orokorrean jendea gustora zegoen ikusitakoarekin. Izan ere, Goelloren esanetan, «erakusketa ikusgarria da. Maila haundiko artisten lanak bildu dira». Egun hauetan Biterin nabari da «sentimendu eta koloreen arteko uztarketa, goxo-goxo espresioz jantzita», Pelexek dioen bezala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!