hernanin herri plataforma bat jarri da martxan eta firmak biltzen ari da, azaldu duenez, «Udal Agintariei eskatzeko erreferendum bat egin dezatela, Atez Ateko sistema martxan jarri aurretik». Horren harira, Marian Beitialarrangoitia alkateak prentsa ohar bidez adierazi du, firma bilketaren atzean Hamaikabat alderdia dagoela eta errauste planta inposatzeko estrategiaren barruan ulertu behar dela. Bere esanetan, «zintzilikatzekoen kokapena aukeratzeko epea ireki dugula aprobetxatu dute berriz ere herrian nahasmena sortzeko». Eta gaineratu du: «Hamaikabat alderdiaren beste amarru bat da. Euren jokoan sartuz gero, ohartu orduko, etxe ondoan erraustegia jarriko digute. Eztabaida desitxuratu nahian dabiltza. Galdera ez da zintzilikatzekoa nahi dugun edo ez. Zintzilikatzekoa edo tximinia, hori dago auzian. H1en agiria sinatu dutenek zer bultzatzen ari diren badakite? Beraiek erraustegiaren aldeko apostua egin dute».
«Herri galdeketa? Jakina!»
Beitialarrangoitia alkateak argi azaldu du herri galdeketaren aldekoak direla eta behin baino gehiagotan adierazi eta praktikan ere frogatu dutela. «Beraiek ordea, herri galdeketa guztiak debekatu edo oztopatu dituzte. Duela hiru urte, esaterako, 3.600 sinadura bota zituzten zakarretara orain sinadurak eskatzen ari direnek, sinadurak errauste-plantaren aurkakoak zirelako. Eusko Jaurlaritzan ere gauza bera egin zuten 35.000 sinadurekin. Orduan frogatu ziguten herriaren hitza zenbat axola zaien».
Horrez gain, galdeketa egitea sinadurak biltzen ari direnen esku dagoela azaldu du: «Herri galdeketa? Jakina! Bada garaia hondakinen kudeaketa eredua herritarren esku uzteko. Galdeketa noiz egin, ordea, sinadurak jasotzen ari diren horien esku dago. Beraiek bihar bertan antolatu dezakete erraustegiaren inguruko galdeketa. Galdeketa hori antolatzen duten egunean bozkatuko dugu Hernanin atez atekoa. Bitartean ez gara beraien amarruetan eroriko».